MEMORIA HISTORIKOA

78ko sanferminetako gertakariak argitzeko eskaria baztertu du Kongresuak

PPk, PSOEk eta Ciudadanosek kontra bozkatu dute. Proposamena Nafarroako Parlamentuak onartu zuen urtarrilean, talde guztien aldeko botoekin, PPrenak izan ezik —abstenitu egin zen—.

German Rodriguezen omenezko ekitaldia, Iruñeko sanferminetan. Artxiboko irudia. IDOIA ZABALETA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 8a
10:11
Entzun

1978ko sanferminetan izan ziren gertakariei buruzko informazio ofiziala desklasifikatzeko proposamena eztabaidatu du, gaur, Espainiako Kongresuak. Barne Ministerioak bere esku duen informazioa publiko egiteko eskaria aztertu du Kongresuaren Barne batzordeak, eta proposamena baztertu egin du PPren, PSOEren eta Ciudadanosen kontrako botoekin. Hiru talde horiek uko egin diote, beraz, German Rodriguez Espainiako Poliziak 1978ko sanferminetan hil zuen iruindarraren heriotza argitzeko informazioa publiko egiteari.

Kongresuak eztabaidatu duen proposamen bera kontrako botorik gabe onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, joan den urtarrilaren 18an. Proposamena babestu zuten UPNk, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; abstenitu egin zen PP.

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak salatu egin du PP, PSOE eta Ciudadanosen jarrera. Gogorarazi duenez, duela berrogei urte, Kongresuko Barne batzordeak ahobatez onartu zuen sanferminetako gertakariak eta haiei lotutako ardurak argitzea. Eskari horrek bete gabe jarraitzen duela nabarmendu du elkarteak.

Elkarte memorialistak PSOEren jarrera kritikatu du, bereziki; Nafarroako Parlamentuan proposamenaren alde egin arren, Kongresuan proposamen beraren kontra bozkatu duelako.

Fermin Rodriguez German Rodriguez zenaren anaiak ere gaitzetsi egin du Kongresuaren erabakia. Adierazi duenez, bere familiak ez du inolako arretarik jaso, ezta barkamen eskaririk ere, estatuko erakundeen aldetik, azken 40 urteetan. Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean urratsak emateko garaia da, haren esanetan. Horrez gain, bere anaia hil zutenen zigorgabetasunearekin amaitzea galdegin du.

Aurten 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuela, eta 78ko Sanferminak gogoan elkarteak eskultura bat jarriko du haren omenez, Iruñeko zezen plazaren alboan. Eskultura herritarren eta gizarte eragileen ekarpenekin finantzatzea lortu zuten, joan den asteburuan amaitu zen kanpainaren bitartez.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=TfKfpI-BaSo[/youtube]

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.