2017ko martxoaren 19an galdeketak egin nahi dituzte Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian (Gipuzkoa). Bide horretan, Errenterian Demoarsok ekitaldi bat egin du; lehenik, Naroa Iturri kazetariak aurkeztuta, Demoarso plataformaren orain arteko ibilbidearen errepasoa egin dute. Segidan, martxoaren 19ra bitartean dinamikak egingo duen bide orria aurkeztu dute.
Jakinarazi dutenez, galderak abenduan zehaztuko dituzte, eta urtarrilean etxez etxe joango dira "borondateak batzen". Gainera, Beira taldeak hainbat abeslari eta sortzailerekin batera galdeketen harira prestatutako abestiaren aurrerapen bideoa plazaratu dute.
Ondoren, erabakitzeko eskubideari buruzko mahai inguru bat osatu dute Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako bozeramaileak, Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak eta Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzaile eta Demoarsoko kideak.
Martxoaren 19a baino lehen, badute beste erronka bat; Pasaiako badia osoan ia 10.000 laguneko giza kate bat osatzea. Azaroaren 6an eratuko dute.
Bakaikun, galdera erabakita
Azaroaren 27an egingo dute Euskal Herriko estatus politikoari buruzko galdeketa Bakaikun (Nafarroa) eta Diman (Bizkaia), eta Nafarroako herrian jakinarazi dute zein izango den egun horretarako galdera: "Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?".
Azken asteetan Gure Haitzak elkarteak etxez etxeko inkesta banatu du herritarren artean, euren galdera proposamena egiteko eskatuz. Jasotakoak aintzat hartu, horiek landu eta elkarteko batzordeak puntu ugari nabarmendu zituen. Joan den asteko larunbatean eginiko bileran galderen inguruko zalantza batzuk argitu eta beharrezko azalpenak eman zizkieten, eta guztiek galdera bozketa sekretu bidez aukeratzea erabaki zuten.