ABERRI EGUNA

Aberri Eguna ospatzera deitu dute alderdi eta erakundeek

Herrietan eta hirietan eguerdi partean egingo dira ekitaldiak, udal hautetsiek deituta; Udalbiltzak eta Nazio Eztabaidaguneak ere ospatuko dute; eta ia alderdi gehienek beren ekitaldiak antolatu dituzte gaurko

Eider Goenaga Lizaso.
DONOSTIA
2004ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ohikoa denez, Aberri Eguna ospatzeko hainbat deialdi egin dituzte aurten ere Euskal Herriko alderdi politiko, erakunde eta sindikatu abertzaleek. Bai erakunde nazionalek ÐEAJ eta EAren Udalbiltzak, zein ezker abertzalearenakÐ, bai Nazio Eztabaidaguneak eta bai EAJk, EAk eta ABk beren ekitaldiak egingo dituzte gaur; eta Batasunak eta Aralarrek ez dute ekitaldirik antolatu, besteek antolatutakoekin bat egiteko. Hala, ABk Ezpeletan egingo duen ekitaldira deitu ditu Aralarrek bere jarraitzaileak; eta Batasunak Nazio Eztabaidagunearen eta Udalbiltzak deituta herrietan egingo diren ekitaldien «protagonismoa» aldarrikatu du. Bestalde, ELAk eta LABek Aberri Egunari buruzko gogoeta bana plazaratu dute,baina deialdirik ez dute egin.

Egindako deialdiei erreparatuz, Nazio Eztabaidaguneak egindakoa da aurtengo Aberri Eguneko berritasuna. Hasieran Barañaingo auditorioan egin behar zuten, baina PSNko alkatearen debekuak lekua aldatzera berhartu du, eta Iruñeko Tres Reyes hotelean elkartuko dira. Goizeko 10:30ean hasiko da ekitaldia, eta Nazio Eztabaidagunearen ibilbideari buruzko liburua aurkeztuko dute bertan; eta horren barruan, nola ez, baita Gatazkaren Konponbiderako Proposamena eta Nazio Eraikuntzarako Proposamena ere. Nazio erakundeei dagokienez, EAJk eta EAk kudeatzen duten Udalbiltzaren zuzendaritza Hondarribiko Iger lurmuturrean elkartuko da, 11:00etan, Antso III.a Nagusiaren milurtekoa ospatzeko, Aberri Egunarekin batera. Bestalde, herrietan antolatu ohi diren ekitaldietan partehartzera deitu ditu Udalbiltzak bere hautetsiak. Ezker abertzaleak kudeatzen duen Udalbiltzak ez du ekitaldi nagusirik antolatu, eta Aberri Egunaren ospakizunak eskualdeka egitea hobetsi du. Eguerdi partean egingo dituzte. Bestetik, EAJk urtero legez egingo du Aberri Eguneko ekitaldia, Bilboko Erakustazokan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Josu Jon Imaz EAJren Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria izango dira hizlari. EAk, berriz, bazkari batekin hasiko du Aberri Eguneko ospakizuna, Gernikako Santanape pilotalekuan. 14:00etan elkartuko dira, eta ekitaldi politikoa arratsaldeko 17:00etan izango da, Begoña Errazti alderdiko lehendakariak zuzenduta. Abertzaleen Batasunak, iaz bezala, Ezpeletan jarri du hitzordua. EAkoek bezala, bazkaria egingo dute ABkoek ere, eguerdiko 14:00etan, eta ordu berean izango da ekitaldi politikoa. Ezpeletara, hala ere, Aralarrek ere deitu ditu bere jarraitzaileak; EAJren IBBk, LABek eta Zutik-ek ordezkaritza bana bidaliko dute.

Batasuna: «Alderdikerien gainetik»

Batasunak aurten ez du ekitaldirik antolatu, eta Aberri Eguna «alderdikerien gainetik» antolatzeko beharra nabarmendu du Arnaldo Otegik. Hala, Batasunak «alderdien gainetik dauden deialdien protagonismoa» aldarrikatu du gaurko ospakizunerako, Nazio Eztabaidagunea eta Udalbiltza aipatuta. EAE-ANVk Eztabaidagunea txalotu du.

Bestalde, Gazte Topaguneak Itsasondon eta EGIk Bilbon ospatuko dute Aberri Eguna.

-

UDALBILTZA



 

Eguerdi partean, ospakizun txikiagoak herri eta hirietan





Ezker abertzalearen Udalbiltzak eguerdi parteanherri eta hirietan elkartzera deitu ditu herritarrak. Iparraldean hiru ekitaldi nagusi egingo dituzte: Lapurdin Hazparneko herriko plazan, Nafarroa Beherean Donibane Garaziko Herriko Etxearen aitzinean eta Zuberoan Mauleko Herriko Etxearen aitzinean. Horietaz gain, besteak beste, honako herrietan antolatu dituzte gaur Aberri Eguneko ekitaldiak: Agoitz, Agurain, Amurrio, Antzuola, Areatza, Errigoiti, Ataun, Aurizberri, Basaburua, Baztan, Bera, Bilbo, Deba, Elgoibar, Erandio, Erronkari, Gasteiz, Hernani, Hondarribia, Irunberri, Iruñea, Itsasondo, Laudio, Leitza, Lekeitio, Lesaka, Lezo, Lizarra, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Orendain, Otsagabia, Segura, Tafalla, Tolosa, Ultzama, Urretxu, Zaldibia, Zarautz eta Zestoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.