Aberri Egunak «mugarri» bat izan nahi du independentisten elkarlanean

Ezkerreko alderdi subiranista eta independentista guztiek batera ospatuko dute eguna

Independentistak sareko kideek Aberri Eguneko egitaraua eta kartela aurkeztu zituzten, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat arrazoirengatik «berezia» izango da aurtengo Aberri Eguna. Aro politiko berriak, 2012ak duen sinbologia bereziak —Nafarroako konkistaren 500. urtemuga eta Gernikako bonbardaketaren 75.a— edo azken urteetan nazioartean «independentziara bidean» jarri diren Europako herrialdeen ereduak markatuko dute, antolatzaileek azaldu dutenez, apirilaren 8an Iruñean egingo den ospakizuna. Haien ustez, Euskal Herrian ireki den aro politiko berriak «ilusio handia» piztu du herritarren artean, eta independentisten arteko elkarlanerako «baldintza berriak» zabaldu ditu. «Mugarri» bat jarri nahi dute bide horretan. «Aukera historikoa da herriaren erabakiari atea irekitzeko eta independentziari oniritzia emateko», nabarmendu dute.

Iruñean eginiko agerraldi batean, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak ezagutarazi du aurtengo Aberri Eguneko kartela eta egitaraua. Kolore berdea eta zortzi puntako izarra aukeratu dituzte ikur gisa. «Izarraren distirak erakusten digu norabidea: independentzia. Ilunaren erdian izarraren argia», esan du Ariznabarretak.

Egitarauari dagokionez, aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte egun osoan. Eguerdian egingo den manifestazioa izango da ekitaldi nagusia. Golem zinemetatik abiatuko da martxa, 12:00etan, eta Sarasate pasealekuan amaitu. Han, ekitaldi politiko bat egingo dute. Ospakizunak segida izango du arratsaldean eta gauean. Trinitarios gunean karpa bat jarriko dute. Han, herri bazkaria egingo da eta, bazkalostetik gauerdiraino, adin guztietako jendearentzako ikuskizunak izango dira.

Independentistak saretik herritarrei dei egin diete Aberri Eguneko prestaketa lanetan parte hartzeko. Euskal Herriko herri eta auzoetan Aberri Eguneko kartelak jartzeko eta egun osoko egitaraua aurrera eramateko «boluntario askoren laguntza» behar dela azpimarratu dute. Era berean, ikuskizun bat antolatu nahi duten taldeek zein gizabanakoek ateak zabalik dituztela gogoratu dute. Horretarako, helbide elektroniko bat sortu dute.

Dagoeneko, hainbat eragilek babestu dute Iruñean egingo den Aberri Eguna. Herenegun, Baionan eginiko agerraldi bateratu batean, euren atxikimendua eman zuten ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak. Apirilaren 6tik 7ra Saratik (Lapurdi) Lesakara (Nafarroa Garaia) egingo den mendi martxan parte hartuko duten gazteak ere Iruñera joateko deia egin dute.

Iruñeko ekitaldiez gain, Independentistak sareko kideek adierazi dute aurtengo Aberri Eguna «mundiala» izango dela, «munduko toki eta bazter askotan» ere egingo dituztelako ekimenak.

Menpekotasunaren kontra

«Aurtengo Aberri Egunak independentziaren bidean urrats eraginkorren hasiera markatuko duen mugarria izan behar du», adierazi du Ariznabarretak. «Independentista guztiok elkarturik gure indarra, ilusioa eta kemena, erakutsi behar dugu, eta denok batera independentziaren alde lan egin eta borrokatzeko konpromiso tinkoa hartu behar dugu. Euskal Estatua berreskuratzeko ordua iritsi da», nabarmendu du. Ariznabarretak gogoratu duenez, arestian aipatutakobi urteurrenak izango dituzte gogoan. «Iraganak ez digu etorkizuna argituko, baina oso ondo erakutsi digu zein kaltegarria den menpekotasuna», azaldu du.

Iragana ahantzi gabe, etorkizunera begira jarri nahi dira sareko kideak. Independentzia «hauturik onena» dela diote, «arrazoi kultural, sozial, ekonomiko zein politikoengatik». Nabarmendu dute, halaber, «egoera ekonomiko larriak» eztabaidaren erdian jarri duela estatu propioaren beharra. «Gure beharrak eta interesak kontuan hartu gabe, inposatu egiten dizkigute politika ekonomiko eta sozialak», salatu du Ariznabarretak.

Prestaketa lanetan laguntzeko eta bazkariko bonuak erosteko:

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.