Abertzale guztien arteko batasunaren bila ariko da EA 2012an

Aurtengo beste erronkak Sorturen legeztatzea eta presoen auzia konpontzea izango direla adierazi du

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Espero dugu 2012an normalizazio politikoa, bakea eta abertzaleen arteko batasuna lortzeko bidean aukera berriak sortzea». Itxaropenez ikusten dute etorkizuna Maiorga Ramirezek eta Miren Aranoak, EAko Nafarroako koordinatzaileak eta lurraldeko batzordeko eledunak, hurrenez hurren. Haien ustez, amaitu berri den urteak «garrantzi politiko handia» izan du, eta pozik azaldu dira EAren oinarri ideologiko eta estrategikoetan aurrera egitea lortu dutelako. Aieteko Adierazpenagatik eta ETAren «erabaki garrantzitsuagatik» 2011. urtea «historiara» pasatuko dela iritzi dio Ramirezek.

Hasi berri den urteari begira, «funtsezkotzat» jo du Ramirezek euskal preso politikoen sakabanaketa amaitzea eta «haien eskubideak aitortzea». Bihar Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin die herritarrei. Era berean, Eusko Alkartasunak espero du aurten Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzea, «proiektu politiko orok defendagarria» izan beharko duelako.

Maiorga Ramirezek aurreratu du aurten ere alderdi abertzaleen arteko batasunaren bila ariko direla, «betorik eta bazterketarik gabe». Haren ustez, garrantzitsuena ez da koalizio baten izena edo «erreminta politikoak sakralizatzea» baizik eta abertzaleen arteko «batasuna» lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.