Udal bozen lehen itzulia egin dute igandean Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Emaitza oso onak eskuratu dituzte zerrenda abertzaleek. Honako hauek dira emaitzak herrialdeka:
Lapurdi
Uztaritzek sortu du arreta, Bruno Carrere abertzale zerrenda irekikoa agertzen baita lehen, auzapezgora heltzeko aukerarekin. Dominique Lesbats oraiko auzapeza hirugarren utzi dute uztariztarrek.
Baionan usteak hautsi dituzte abertzaleek, Jean Claude Iriarten Baiona 2014 zerrendak %10eko heina gainditurik bigarren itzulian egoteko aukera baitu. Etxeto edo Etxegarai ez babestea eta bigarren itzulira iragatea erabaki dute abertzaleek. Miarritzen Max Brisson (UMP) agertzen da lehen, eta ondotik du Veunac zentrista. Aukera handiak ditu beraz Brissonek auzapez izateko Miarritzen. Argi da abertzaleen estrategiak, Veunacekin joanez, porrot egin duela. Angelun, inarrosaldia bildu du Jean Espilondo auzapezak, zortzi punturen abantzua hartu baitio Claude Olive UMPkoak. Zentro eskuinak gehiengoaren lortzeko aukera du abertzaleen laguntzarik gabe.
Donibane Lohitzunen abertzaleek gaitzeko punpea egin dute. Peyuco Duhart auzapeza karguan egoten bada ere, abertzaleek sozialistak aitzinditu dituzte eta bigarren indarra bilakatu dira. Aldaketa Azkainen ere, Jean Louis Laduche auzapeza azken gelditzen baita, Fournier medikuaren zerrenda da aise aitzinean. Hor ere abertzaleek emaitza polita dute.
Arbonan, Xabi Apeztegi abertzaleak ekarri du berria, Marie Josephe Mialock auzapeza aitzintzen baitu lehen itzulian. Ziren hiru zerrendak mantentzen ahal dira bigarren itzulian.
Aiherran aldaketa “historikoa”, Bazterretxe aspaldiko auzapezak kargua galtzen baitu eta Arño Gaztanbide abertzaleak irabazten. Hendaian eta Urruñan abertzaleek emaitzak hobetu dituzte. Ziburun emaitza ederra lortzen dute. Hazparnen Beñat Intxauspe auzapeza airez aire iragaiten da baina aspaldiko partez abertzaleek emaitza ederra eskuratzen dute eta hautetsiak hirian eta Herri Elkargoan.
Baxenabarre
Nolaz ez hasi Baigorritik. Jean Michel Koskarat aise nagusitu zaio oraiko auzapeza den Jean Baptiste Lamberti, zerrenda euskaltzale ideki batekin. Honek ondorioak izanen dituelarik Garazi-Baigorriko Herri Elkargoan. Donibane Garazin aise nagusi Alfontxo Idiart auzapeza nahiz abertzaleak bozen herenaren biltzera heldu diren, Xabi Larre buru. Bi hautetsi lortzen dituzte, bainan bihirik Herri Elkargorako. Donapaleun bigarren itzuli bat beharko du Loustaudaudine auzapezak. Lehen aldiz aurketzen zen Estebe Irola abertzaleak emaitza ederra lortzen du eta bigarren itzulian izateko parada.
Xiberoa
Bigarren itzuli bat izanen da ere Maulen. Mixel Etxebest auzapeza aitzinean da eta Beñat Elkegarai abertzaleak trenka lezake afera bigarren itzulian. Labadot eta Davant komunista eta sozialistak ez baitute aski gehiengo oso baten egiteko mementoan. Ikusi beharko da Lurralde elkargoaren aldeko frente bat egiten den Elkegarai eta Etxebesten artean ala bozak barreiatuz jokatzen diren bigarren itzulian.
Larrainen bi zerrenda ziren, eta auzapeza bigarren itzulirat ekarria da han ere.