Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

Abertzaleen asmoak baldintzatzea izango da sozialisten xedea

PSE-EEko hautagaiak, Miramongo Parke Teknologikoan, atzo. G. G. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Herrialde bat: Gipuzkoa. Arerio bat: EAJ. Eta mezu bat: «Independentziaren eta murrizketen aurkako eustorma gara». Hitz horiekin abiatu du kanpaina Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak, hiru herrialdeetako hautagaiekin batera Donostian eginiko ekitaldian. Han azaldu du kanpainako ideia nagusia: «Murrizketarik gabeko autogobernua defendatuko dugu». Guk, gure bidea dio sozialistek aukeratutako leloak. Estamos a lo que hay que estar, espainolez. Kanpaina ofizialki hasi aurretik bildu dira hautagai guztiak, irudi bateratua emateko asmoz. Ohiko ekitaldia izan da. Kazetariak sartzerakoan, dena prest, dena neurtua, eta inprobisaziorako tarte gutxi. Aldaketa bat: soiltasuna. Hori ere neurtua.

Lopezek argi utzi du emaitza onak nahi dituela EAJren politikak baldintzatzeko. Alor ekonomikoan, jeltzaleen «ezkutuko planari» aurre egiteko. Eta egungo autogobernu ereduaren defentsa, gehiengo abertzalea izango duen legebiltzarraren «asmo independentistei eusteko». Bere hitzaldian behin eta berriz egin du EAJ eta Bilduren arteko lotura. «Desgobernua» leporatu die independentistei, eta horren «erantzule bakar» egin ditu jeltzaleak. «Obsesio identitarioen aurrean» sozialistek «herritar guztien arteko elkarbizitza» lehenetsiko dutela adierazi du. Arlo ekonomikoan ere urrundu da jeltzaleengandik. «Murrizketa sozialak» bultzatuko dituztela eta, horiei aurre egiteko «bermea» sozialistak direla adierazi du, bere agintaldia eredu gisa jarriz.

Kanpainako lehen ekitaldian EAJ izan du jomugan Lopezek, baina boto jeltzalea erakarri bainoago, EAJren mamua zabaldu du, ihes egindako botoa edo etxean geratutakoa berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.