Abertzaleen omenaldia jasota joan da

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gutxitan gertatzen den bezala, aurrez omenaldia jasota joan da Anton Ormaza abertzale historikoa. Eta, gutxiagotan gertatu ohi den gisan, mota guztietako abertzaleen gorazarrea jasota. Atzo goizaldean, 04:00 aldera zendu zen EAJko buruzagi eta ondoren EAko militante izan zena Bilboko San Sebastian klinikan, 88 urte zituela. Aurrez, ekainean, alderdi abertzale guztietako kideen besarkada jaso zuen bere bizitza luzean egindako lanaren errekonozimendu, miresmen eta esker on gisa. Ama baten besoetan seme-alaba guztiak biltzen diren era berean lortu zuen jatorri bera duten oinordeko oso desberdinak ekitaldi berean biltzea. EAJren BBBko presidente izana denari eta ondoren EAko kide izan zen militante historikoari eskainitako ekitaldiak EAJko, EAko, ezker abertzaleko, Aralarreko eta Hamaikabat-eko kideak bildu zituen.

Hain zuzen, ekainaren 12an Sukarrietan, Sabino Aranaren hilobiaren aurrean jaso zuen omenaldi horrexek ondo islatzen du haren izaera. Antolatzaileek isilpean antolatu behar izan zuten ekitaldia, omenduak ez zezan kale egin. Sarri esana zuen ez zuela errekonozimendu edo gorazarre ekitaldirik nahi, eta ekimenean parte hartu zuten ehun bat lagunek hara zertara joan ziren ondotxo zekiten arren, Ormazak berak Sabino Aranaren ibilbideak oroitzeko ekitaldia zela uste zuen. Andoni Ortuzar BBBko presidenteak biharamunean bere blogean azaldu zuenez, ozta-ozta heldu zen Ormaza hitzordura, eta asmoen berri izanda joateari uko egin ote zion beldur ziren antolatzaileak.

EAJren BBBko presidente izana da Ormaza ere. Frankismoaren ondoren, trantsizio garaian izan zuen ardura hori, EAJ klandestinotasunetik bizitza publikora igaro zen garaian.

1979-1980ko urteetan, EAJk lehen barne liskarra izan eta zatiketa izan zuenean utzi zuen alderdia Ormazak, burujabetzaren aldeko apustu garbiagoa egiten zuen Bermeoko Aberkideak ildoa sustatu ondoren. Gerora, EAJk barne zatiketa nagusia izan eta Eusko Alkartasuna sortu zenean, EAko kide egin zen.

Hil ondoren ere, hitz onak besterik ez ditu jaso alderdi abertzaleetako kideen ahotik. EAko buru Pello Urizarrek «abertzaletasun munduan izan duen erreferentzia izaera» nabarmendu du. «Nahiz alderditik joan eta beste bide bat hartu, abertzale peto-petoa izan da beti guretzat», onartu du EAJko Andoni Ortuzarrek ere. «Abertzale izanik, bere abertzaletasuna aitortuz agurtu nahi dugu Anton Ormaza», esan du Aralarreko Josu Murgiak.

Bihar egingo zaizkio hileta elizkizunak haren herrian, Bermeon, San Frantzisko elizan, 18:00etan. AITZIBER LASKIBAR
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.