Udal eta foru hauteskundeetarako zein zerrendaburu hautatu dituen jakinarazi du, gaur, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k, prentsaurrekoan. Hiru emakume aukeratu dituzte. Araban, Arantxa Abezia aukeratu dute aldundirako hautagai; Bizkaian, Eneritz Madariaga, eta Gipuzkoan, Maria Valiente.
Azken bi lurralde horietan hautagaitza bakarra izan da, eta %80tik gorako babesa lortu dute bi hautagaiek —%80,75ekoa Valientek eta %83,80koa Madariagak—. Araban, berriz, David Rodriguezen hautagaitzari gailendu zaio Abezia. %59,10eko babesa jaso du, eta %39,22koa Rodriguezek.
Guztira, 2.295 lagunek parte hartu dute Ahal Dugu-ren hauteskunde primarioetan. Izena eman dutela egiaztatutakoen %47k eman dute botoa.
Ahal Dugu-k argitu du aurrerago zehaztuko dutela udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko duen behin betiko zerrenda, koalizioa osatuko duten gainontzeko indarrekin batera.