Emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruko konpromisoa hartu dute gaur eguerdian 51 hedabidek eta publizitate agentziak, BERRIA barne. Publizitate eta komunikazio ez sexistarako kode deontologiko eta autorregulazio kodea sinatuta, zenbait arlotako neurriak hartzeko konpromisoa agertu dute: estereotipoak desagertzea, emakumeen ikusgarritasuna eta aniztasuna islatzea...
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak “bidearen hasiera” gisa aurkeztu du agiria. Hain zuzen ere, oroitarazi du lan handia dagoela egiteko bide horretan. Hedabide eta agentziek lantzen dituzten edukietan, baita enpresa barruko egituretan ere, aipaturiko alorrak kontuan hartzeko konpromisoa berretsi dute.
Publizitateari dagokionez, sinatzaileek era guztietako gizonak eta emakumeak erakusteko engaiamendua adierazi dute. Halaber, hizkera ez-sexista erabili eta emakumeen gorputzak apaingarri gisa ez baliatzeko ardura agertu dute, besteak beste.
Hedabideei dagokienez, emakumezkoen biktimizazioa saihestuko dute. Bi sexuei trataera bera emateko eta arlo eta eremu guztietan emakumeen protagonismoa sustatzeko asmoa berretsi dute, halaber. Horrez gain, hizkera ez-baztertzailea erabiltzeko eta emakumeek aurkitzen dituzten oztopoak eta arazoak erakusteko asmoa berretsi dute.
Gaur sinatutako testua 21 hedabide eta publizitate agentziak landu dute, BERRIA barne, azken urte eta erdian. Denbora horretan hamar bilera egin dituzte, enpresek agiriaren oinarriak ezartzeko.