Karlos Santesteban idazle karrantzarrak darama lekukoa. Lourdes amaren eskutik jaso du, eta azken metroetan Eider alabari eman dio. Euskararen iraupenerako familia barneko transmisioak duen garrantzia nabarmentzearren jaso du Santestebanek lekukoa amaren eskutik eta utzi du gero alabarenetan.
Puntual, 17:30etan eman ditu lehenengo urratsak aurtengo Korrikak, eta Enkarterritik abiatuta, Araba alderako bidea hartuko du. Hala, Laudio eta Amurrio inguruan izango da gauerdian.
17:00etarako ehunka lagun zeuden batuta Karrantzako plazan, euskararen aldeko pankartekin eta ikurriñekin. Aurrena Korrika han hasi dela oroimenean gera dadin plaka bat ezarri dute udal ordezkariek kioskoan: Korrika 15-AEK. Karrantza-Iruñea. Euskara hitz eginez herri bat osatzen dugu euskaldunok. Euskal Herria euskararen herria jartzen du. Era berean, Jose Mari Martin Iparragirre alkateordeak eskerrak eman dizkio AEKri. Edurne Brouardek erantzun dio AEKren izenean, eta azpimarratu du Korrikaren ohoretan halakorik egiten den aurreneko aldia dela. Dantzarien aurreskuarekin amaitu da plaka erakusteko ekitaldi hori.
Bost eta erdiak jotzera zirela, Edurne Brouardek mezua sartu du Korrikaren lekukoan, eta Karlos Santisteban idazlearen amari eman dio. Kioskoko eskailerak jaitsi, eta semeari eman dio Korrikarena ez ezik, euskararena ere baden lekukoa, bi musurekin batera. Eta, orduantxe abiatu da Korrika: Santisteban lekukoarekin guztien buru, Eider alaba ondoan, eta atzetik ehunka lagun Korrikaren eta euskararen alde oihuka.
Arestian esan bezala, aurreneko aldia da Korrika Karrantzatik igarotzen dela, eta, horrenbestez, Enkarterriko herri horrekin aspalditik duten zorra kitatu nahi dutela agertu dute egunotan Korrikaren antolatzaileek. Ondorioz, giro bereziz bizi dituzte Karrantza inguruan egun hauek.
Esaterako, ikastetxean jai giroa sumatu zitekeen atzo. Korrika sekula ez da handik pasa eta, horregatik, «ikasle gehienentzat lehenengo Korrika izango» dela ohartarazi zuen Delia Negrete irakasleak. Gaztetxoek, bestalde, urduritasuna ageri zuten. Euriaren beldur zen Begoña Rodriguez DBHko 2. mailakoa: «Gaurkoa bezalako eguraldia izanez gero, dena hondatuko zaigu». Nahikari Agirreolea, aldiz, korrikan hasteko gogoz zebilen, «orain arte Korrika txikian aritu gara, baina desberdina izango da hau».
Ohiko eskolak baztertu eta egun berezia ospatuko dute gaur Karrantzako ikastetxean. Goizeko 10:30etatik aurrera, herri kirolak, dantzaldia, bertsolariak eta Txan magoaren ikuskizuna izango dute, besteak beste, arratsaldeko ekitaldia egin aurretik. 17:30ean ekingo diote, azkenik, Korrika 15ari.
KORRIKA MUNDUAN. Euskararen aldeko jaialdi ibiltaria ez da Euskal Herriko zazpi herrialdeetara mugatuko; izan ere, aurrekoetan bezala, mundu osoko euskal etxeetan antolatu dituzte ekitaldi bereziak egunotarako. AEK-k jakinarazi duenez, Bartzelonan, Erroman, Irlandan, Argentinan, Madrilen, eta Shanghain ospatuko dute Korrika 15. Azken horietan, lehenengo aldiz antolatuko dute Korrika. Madrilen larunbatean egingo dute eta Txinan, berriz, hilaren 31n.
Euskal etxerik ez den herrialdeetan, Ziberkorrikari esker parte hartu ahal izango dute mundu osoko euskaltzaleek, www.korrika.org webgunean ziberlekukoak eskaintzen baitituzte. Euskal Herriari bira emango dion Korrikaren kilometroak bezala, lekuko digitalak ere eskuratu daitezke; eta, borondatezko ekarpena egiten dutenen izen horiekin, Ziberkorrika zerrenda egingo dute antolatzaileek, munduko Korrikaren ibilbide birtuala osatzeko.
Euskara
Abiatu da Korrika
Hasi da aurtengo =l Korrika==http://www.korrika.org/=l. Dagoeneko egin ditu lehen urratsak Karrantzan (Bizkaia), eta hurrengo hamar egunetan ez du atsedenik hartuko, apirilaren 1ean Iruñera heltzen den arte. Ehunka lagun batu dira Karrantzako plazan euskararen aldeko lasterketako lehen metroetan parte hartzeko, eta lehen kilometroan lekukoa eraman duen Karlos Santisteban idazle karrantzarrari laguntzeko. Euria egin arren, giro hunkigarri eta itzelean hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu