Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lurraldekako analisiak-Gipuzkoa

Abisua eta saria kudeaketari

EH Bildu eta EAJ parez pare jarri dira Gipuzkoan. Zer gertatu da? Koalizioa zigortu dute herritarrek, edo jeltzaleak saritu dituzte? Asier Etxenikek eta Baleren Bakaikoak emaitzak aztertu dituzte.

Abisua eta saria kudeaketari.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Abertzaleak gustura dira Gipuzkoan. Batzuk, oraindik lehen indarra direlako, eta besteak, lehen indarrari pega-pega eginda jarri direlako. Baina datu objektiboa da EH Bilduk Espainiako Gorteetako hauteskundeetan Amaiurrek jasotakoak baino 14.959 boto gutxiago eta Foru Hauteskundeetan Bilduk eta Aralarrek batera baino 21.134 boto gutxiago jaso zituela igandeko hauteskundeetan. EAJk, ordea, Espainiako bozetan baino 30.746 eta Foru hauteskundeetan baino 33.585 boto gehiago jaso zituen. EH Bilduk galdu du? EAJk irabazi? Edo biak?

Asier Etxenike soziologoaren iritzian, ezkerreko koalizio abertzalearen galera baino gehiago izan da jeltzaleen garaipena. Hala ere, argi dauka boto-emaileek EH Bilduri abisua eman diotela. Baleren Bakaikoa EHUko Ekonomia aplikatuko katedradunaren iritzian, berriz, EH Bilduk «herria balitz bezala»jokatu du, herritarren iritzia kontuan hartu gabe—atez atekoan adibidez—, eta horrek kostua ekarri dio. Baina, haren iritzian, ezkerreko ideologia abertzaleak ez du goia jo Gipuzkoan, eta aldaketa batzuk egiten baditu, babes handiagoa lortuko du. Nabarmentzekoa iruditu zaio ezker abertzaleari ETAk 30 urtean egin dion eragina: «Halako potentziala eduki, eta ezkutatuta egon da ETArengatik».

Kudeaketan egon da gakoa boz hauetan. Gai ekonomikoetan zentratu dira hautagai eta hautesleak, bakegintzan eta naziotasunean baino gehiago. Kudeaketan jeltzaleak saritu dituzte herritarrek, Etxenikeren arabera; jeltzaleek mantentzen jakin duten «kudeatzaile onaren irudia» saritu dute. Bakaikoa ere ados da horretan. Gainera, EAJ «alderdi bat baino gehiago» dela dio: «EAJ herrietan erabat sustraitua dago, gauza batzuk okerrago egingo ditu besteak baino, baina oso sustraitua dago, eta alderdi oso sendoa da».

Ekonomialariaren iritzian, foru hauteskundeetatik hona EAJk oso ondo jokatu ditu bere kartak: «Posizio zuhurra eduki du, eta Joseba Egibarren eskua ere ikusten da». Eta Bildu jeltzaleen «tranpa» batzuetan erori dela uste du. Baina koalizioa bera ere jo du erruduntzat. Jarrera «zuhurragoa» behar lukeela dio, eta Suitzan egiten den bezala, gai garrantzitsuetan erreferendumak egin behar lituzkeela. Atez atekoari buruz ari da. Sinadura bilketak egin dituzte Gipuzkoako hainbat herritan sistema horren kontra, eta haiek ez ditu behar bezala kontuan hartu Bilduk, Bakaikoaren iritzian. Bere boto-emaile asko ere atez atekoarekin «haserre» dauden arren haiei ez diela jaramonik egin aurpegiratu dio koalizioari: «Proposatzen dituen gauza batzuk negoziatu beharra dauzka, sakonki, eta jendea konbentzitu».

Etxenikeren ustez ere atez atekoak izan du eragina. Baina soziologoak «kudeaketaren beldurrarekin» lotu ditu hauteskunde hauetako emaitzak. Izan ere, atez atekoa martxan den herrietan emaitza onak lortu ditu EH Bilduk, baina zaborren bilketa sistema hori jartzekotan direnetan baina oraindik jarri ez dutenetan belarrondokoa jaso du, batzuetan handiagoa eta besteetan txikiagoa. «Kudeaketaren irudiak zerikusi handia izan du; herritarrek duten pertzepzioak, eta ez benetan kudeaketak berak. Zerga sisteman, esate baterako, hiru diputazioetako datuetan ez dago halako alderik. Hiru herrialdeak daude krisian, hiruretan langabezia gora doa eta abar. Bizkaian EAJren boto-emaileak ez du zigortu boterean dagoen alderdia, baina Araban eta Gipuzkoan esan daiteke baietz. Oposizioko alderdiek lortu dute kudeaketa txarraren irudia ematea, edo zalantza sortzea atez atekoarekin».

Gatazka eta ezker-eskuin

ETAren amaierak eta ezker abertzaleko boto-emaileek legezko botoa emateko aukera izateak olatua sortu zuen Bilduren eta Amaiurren alde. Hori, nolabait, baretu egin da ekonomiako gaiek aurre hartu dutenean. Etxenike: «Hasieran, gatazkaren konponbideak mesede egin zion Bilduri; gainera, foru hauteskundeetan ilegalizazioa azken unera artekoa izan zen». Ekonomia gaiei dagokienez, Bilduk hasieran eta instituzioetara iritsi aurretik alternatiba itxura bazuela uste du soziologoak, baina ez diola eusten jakin gaineratu du: «Orain instituzioetan dago, eta, gainera, boterea du Gipuzkoan. Akaso ez zaio ezker ikuspegi horretatik halako diferentziarik nabaritu». Gipuzkoan ezkerreko alderdi txikietara (EB, Ezker Anitza eta Equo) 30.566 boto joan dira. «EH Bildu ez da gai izan ezkerreko sektore horiek guztiak konbentzitzeko eta bere esparrura erakartzeko», nabarmendu du Etxenikek.

Bakaikoaren iritzian ere, ezkerreko ideologiatik badu boto gehiago erakartzeko aukera ezkerreko koalizio abertzaleak. PSE-EEra begiratu du batik bat: «Lana ondo egiten badu, PSE-EEren boto-emaileen segmentu bat hurbildu dezake. PSE-EE azkenean ezkerreko mito batekin bizi da, baina gero, egiaren orduan, Europako sozialdemokrazia guztiak bezala, eskuineko politika egiten du». Koalizioak EAJtik ere baduela jasotzeko uste du ekonomialariak: «Naziogintzan pixka bat gehixeago inplikatuz, uste dut badagoela populazioaren segmentu bat bere atzetik eraman dezakeena».

Aldi berean, oraingoan EH Bilduri botoa eman dioten batzuk EAJra joan daitezkeela ere uste du: «EAJk bere aldetik pentsatzen dut ikusten duela EH Bilduren segmentu bat beregana dezakeela, eta EH Bilduk zuhur jokatzen ez badu, gal dezake segmentu hori EAJren alde. Era berean irabaz dezake PSE-EEren boto-emaileen segmentu bat».

Etxenikeren iritzian ere, EH Bilduk ez du jakin EAJren eta bere artean dagoen jendea erakartzen: «Bilduren —Aralar kontuan hartu gabe— zenbaki antzekoetan dago EH Bildu». Haren iritzian, Aralarretik ez ezik EAtik ere joan dira botoak EAJra. «Sektore sozial gisa ulertuta, koalizio horretan periferikoak izan daitezkeen boto batzuk EAJra joan diren sentsazioa daukat». EAJk «segurtasunaren» irudia baitauka.

Hortik ez ezik, PSE-EEtik eta PPrik ere edan dute jeltzaleek, Etxenikeren ustez: «EAJk gaitasuna eduki du PSE-EEtik eta PPtik astindutako mamu independentistei lasaitasunez erantzuteko eta sektore horietatik ere babesa lortzeko. Bilduk horrenbeste ez du galdu, baina EAJk diferentzia handitu du hortik iritsi zaizkion botoekin».

'Souffle efektua'

Bakaikoaren iritzian, «batzuek aipatzen zuten souffle efektua» izan du Bilduk. «Egoera normalizatu ahala eta egunero erabakiak hartu behar horrekin bere lekura joaten ari da. Kritika errealista eta zuhurragoa egin behar luke, eta ez pentsatu 'gu herria gara eta arrazoia daukagu'. Herriaren zati handi bat dago haien berdin pentsatzen ez duena, eta hori kontuan izan behar dute».

EH Bilduk denborarekin eta kudeaketa behar bezala egiten badu berez haiei dagokiela uste duten babesa errekuperatuko duela uste dute biek. Etxenikek azpimarratu du bi urte eta erdi dituela ezkerreko koalizio abertzaleak hurrengo hauteskundeen aurretik, eta denbora horretan Gipuzkoako Diputazioan eta agintean dagoen herrietan ez ezik Eusko Legebiltzarrean zein jarrera hartzen duen ikusi beharko dela. Norekin egiten dituen akordioak, zeri ematen dion lehentasuna eta zein norabidetan eta nola egiten duen lana: «Orain, beste faktore batzuk sartzen dira ikusteko zer gertatzen den».

Guztientzako formula bera du Bakaikoak: «Jendea konbentzitu egin behar da. Ahoz belarrirako politika egin behar da bakoitza bizi den etxetik hasita, portaleko jendea konbentzituz banan-banan. Eta gaitasuna badago».

Ekonomialariak ez dauka dudarik jeltzaleek eta koalizioko kideek elkar hartuta aritu behar luketela hemendik aurrera: «Hegemonikoa izatearen zera horrekin borrokan aritu ordez, gaurko errealitatetik abiatu eta adostasun batzuk lortu behar dituzte bi alderdiek, aurrera egin nahi badugu, bakoitzak gauza batzuk bazterrean utzita. Bestela, orain arte bezala geratuko gara, estatutu hau beti kritikatzen, baina ausardiarik gabe urratsak egiteko».

Independentziarantz joan behar dela uste du, seguru baitago Espainiaren barruan gorriak ikusiko dituztela herritarrek. «Independentziarekin gaitasuna izango genuke hobeto bizitzeko, zalantzarik gabe. Eta independentzia lortu bitartean subiranotasun handiagoa eskuratu beharko dugu, eta horretarako egoera ezin hobean daude EAJ eta EH Bildu, elkarlanean aritu, zubiak eraiki eta dituzten puntu komunak bultzatzeko.Proiektu estrategiko komun bat behar dute lehen urrats moduan, eta aurrera egin, lortu arte».

PSE-EE eta PPren gainbehera

PPri Espainiako murrizketek kaltea eragin diote EAEn, Etxenikeren eta Bakaikoaren iritzian, eta PSE-EEri bere jarrerak egin dio kalte PSOErenak ez ezik. Bakaikoak dio bi alderdi horiek Jaurlaritzarako akordioa egin zutenean «naturaren kontra» jokatu zutela eta, gainera, agerikoa dela biek Espainiarekiko duten dependentzia. «Tranpa handiekin» aritzea egotzi dio PPri: «Espainiako hauteskundeen aurretik bazekien zer egin behar zuen, eta ezkutatu egin zuen». PSOEri, berriz, ohartarazi dio inork ez diola sinesten federalista denik. Praktikan «urrats ñimiñorik ere ez dute egin».

Abstentzioak ere eragin die bi alderdi horiei, Etxenikeren irudiko. Uste du eragina izan duten faktoreak Espainian eta hemen desberdinak direla baina komunak ere badirela: «Murrizketei nola erantzun dien, batetik; eta bestetik, hemen, prozesuaren inguruan izan duten jarrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.