ABk udako unibertsitatea antolatu du Makean ostegun eta ostiralerako

Besteak beste, urte politikoaren balantzea egin eta etorkizunean egin beharreko urratsak aztertuko dituzte

Erredakzioa
Baiona
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Urteroko gisan, udako unibertsitatea antolatu du Abertzaleen Batasunak, Makeako Etxetoan (Lapurdi). Datorren ostegunean eta ostiralean egingo dituzte jardunaldiak, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Saio batzuk «ABtik hurbil» sentitzen direnentzat izango dira, baina gainontzekoak irekiak izango dira interesa duen ororentzat. Gai bakoitzean adituak diren ikertzaile eta irakasleak ere gonbidatu dituzte hitzaldiak ematera.

Ostegunean, arratsaldeko hiruretan, urte politikoaren balantzea egingo dute. Saio hori «ABtik hurbil» sentitzen direnei begira prestatua dago, eta hainbat afera aztertuko dituzte: Aieteko Nazioarteko Konferentzia, ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarrekin izandako elkarlana eta pasa berri diren hautesundeetan EH Bai koalizioarekin egindako lana, besteak beste. 19:00etan, berriz, Ipar Euskal Herriaren azterketa sozioekonomikoa egingo dute, Xole Mariluz ekonomia irakasle eta Gaindegiako kidearen laguntzarekin. Hainbat gairen artean, bilkaera demografikoa, arlo produktiboa eta krisi ekonomikoan enpresek duten eginkizuna landuko dituzte.

Ostiralean, berriz, Euskal Herriko egoera politikoan izandako aldaketak aintzat harturik, etorkizunean ABk egin beharreko urratsez jardungo dute, 10:00etan. Alderdiaren lehentasunez eta aurrera begirako antolatzeko moduaz hausnartuko dute. Hori ere, ABren inguruan mugitzen direnentzat izango da. Arratsaldeko hiruretan, berriz, François Mimiague irakasleak Ipar Euskal Herriko ezker abertzale mugimenduan eginiko inkestaren emaitzak aztertuko dituzte, eta Udalbiltzari buruzko saioarekin amaituko dute udako unibertsitatea. Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako epaiketan absolbitu egin zituzten Udalbiltzako auzipetuak, eta berriz ere proiektua abiarazteko urratsez jardungo dute, bi hautetsiren laguntzarekin: Iker Elizalde, Hendaiako (Lapurdi) hautetsi dena, eta Maite Iturre, Baztangoa (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.