FRANKISMOA

Abokatuek diote legez kanpokoa dela frankismoko poliziak ez atxilotzea

Argentinako epaileak tramite guztiak bete zituela eta Espainia polizia horiek atxilotzera behartuta dagoela adierazi dute salaketak jarri zituzten abokatuek. 

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko irailaren 27a
17:13
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak muzin egin dio frankismoko torturak direla-eta Argentinak seinalatu dituen polizia ohiak atxilotzeari, eta erabaki hori legez kanpokoa dela ohartarazi dute Argentinan salaketak jarri zituzten abokatuek. Haien arabera, Maria Servini epaileak ondo egin ditu tramite guztiak: gizateriaren aurkako delituengatik inputatu dituen lau polizia ohiak nor diren adierazi du, xehetasunak eman ditu inputatzeko argudioei buruz, eta nazioarteko atxilotze agindu bat egin du, presazko agindu bat.

Abokatuen arabera, Espainiak eta Argentinak 1987tik sinatua duten itunari jarraituz, agindu hori Espainiara iritsi orduko atxilotu behar zituzten polizia ohi horiek. Badaezpadako atxiloketa litzateke. Akordio horren arabera, atzeman, eta 24 ordu baino lehen auzitegiaren aurrera eraman beharko lituzkete, zaintzako epailearen aurrera. "Hark erabaki beharko luke behin-behinean kartzelara sartu, edo badaezpadako beste neurriren bat hartu". Abokatuek nabarmendu dute delitu larriak egotzi dizkietela frankismo garaiko polizia horiei —bahiketa eta tortura, besteak beste—. 

Auzitegi Nazionalak ez dio bide horri jarraitu, ordea. "Era nabarmenean urratu du legea". Abokatuek aitortu dute espero zutela fiskaltzak eta gobernuak trabak jartzea legeak ezarritako jarraibide horri, baina ulergaitz zaie Pablo Ruz epailearen jokabidea. "Oso harrituta gaude lege-hauste nabarmen hori nola onartu duen instrukzioko epaileak".

Ruzen aginduz, estradizio eskari bat egin beharko du orain Servini epaileak, eta orduan deituko dituzte auzitegira polizia ohiak —lau daude inputatuta, baina haietako bi hilak direla baieztatu dute—. Abokatuek ohartarazi dute eskari hori iristean auzitegiaren esku behar dutela egon poliziek, eta erabakia hartu beharko duela epaileak: Espainian bertan epaitu edo Argentinara igorri. "Beste edozein erabakik agerian utziko du inputatuek babeskekua dutela krimen horiek egin zituzten lekuan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.