ABORTUAREN LEGEA

Abortatzeko eskubidearen aldeko martxa abian da

Abortua eskubidea dela aldarrikatzen ari dira, eta Espainiako Gobernuaren erreforma salatzen. Manifestazioaren zuzeneko jarraipena, hemen.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 5a
19:33
Entzun

Mantso ari da Espainiako Gobernua, ikusirik zer-nolako ezinegona eragiten ari den, baina aurrera jarraitzen du abortuaren legea aldatzeko asmoarekin. Abenduan aurkeztu zuen aurreproiektua Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak, eta tramitean dago gaur egun. Isilean.

Europako herrialdeen ildoarekin alderatuta, atzerapausoa ekarriko du PPren erreformak. Epekako irizpidea da nagusia —hori dago indarrean Hego Euskal Herrian eta Espainian ere gaur egun—, baina hori bertan behera utzi nahi du Gallardonek: baldintzak izango dira abortua baimentzeko irizpide. Bi dira: haurdun dagoen andrearen osasuna arrisku larrian egotea edo bortxaketa baten ondoriozkoa izatea haurdunaldia. Hain da murriztailea, ezen abortatzeko eskubidea ukatuko baitie emakumeei. Gallardonek berak hainbestetan aipatzen duen 1985eko legea baino ere atzerago egingo dute.

Zigorrak izango dira, gainera, bi baldintza horietako bat bete gabe abortatuz gero. Sendagileak jarri ditu jopuntuan Madrilgo gobernuan. Adingabeekin egin nahi dute beste aldaketa: 16 urte baino gehiagokoek ez dute nahitaez gurasoen baimena behar gaur egun; derrigortasuna ezarri nahi du Gallardonek.

Oposizioa, bor-borka

Ezinegona ekarri du aldaketak. Kalean protesta handiak izan dira; Martxoaren 8an bertan, abortuaren lege erreforma izan zuten aldarri nagusia. Etangabeko aldarria izaten ari da talde feministena: joan dira jabetzaren erregistrora, gorputzak euren izenean jartzera; joan dira EAEko PPren kongresura, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren aurrean erreforma salatzera. Protesta horien guztien indar erakusle izango da gaur arratsaldeko manifestazioa.

Esparru politikoan, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek egin dute erreformaren aurka, PPk izan ezik. Talde politikoetako emakumeek agerraldi bateratu bat ere egin zuten Martxoaren 8aren atarian, ahots bateratuz erreforma salatzeko. Eusko Jaurlaritzak ere txartzat jo du Gallardonen asmoa. Ez ezartzeko “eskura duen guztia” egingo duela hitzeman du. Nolanahi ere, zain dago Gasteizko gobernua, Espainiako Kongresuan aldaketak egiteko aukera badagoelakoan. Nafarroako Gobernuak ez du txartzat jo erreforma; UPN babesle du PPk Madrilen.

PPn bertan ez dira guztiak ados, hala ere. Jendaurrean ez dute guztiek azaldu desadostasuna, baina batzuek egin dute urrats hori. Celia Villalobos izan da haien ahots nagusia; epekako ereduaren aldeko dela esan du. Autonomia erkidego batzuetako presidenteek ere eskatu diote Gallardoni atzera egiteko. Eta, bitartean, isilik dago Rajoy. Isilik dago gobernua. Isilik dago PP. Europako Parlamenturako hauteskundeak hurbiltzen ari direla, ez du hitzik egin nahi abortuaren erreformari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.