ABORTUA

Abortua trabatzen dutenei zigor handiagoak jarriko dizkie Frantziak

Asanblea Nazionalean bozketa dute arratsaldean. Parisen abortuaren aurkako protestak izan eta biharamunean dator lege aldaketa.

Baionako apezpikua, eskuinean, txano morearekin, atzo. I. L., EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urtarrilaren 20a
16:09
Entzun

Frantziako Asanblea Nazionalak abortuari buruzko legean bi aldaketa egiteko bozketa du arratsaldean. Batetik, abortua eskubide gisara bermatuko dute. Gaur egun indarrean dagoen legeak dio "babesik gabe" dauden emakumeek abortatu dezaketela; erreformarekin, "haurdunaldiarekin aurrera segitu nahi ez duten emakumeek" abortatu dezaketela jasoko dute. 

Bestetik, abortuaren kontrako taldeen ekintzak mugatu nahi dituzte lege erreformarekin. Aborturako sarbidea "trabatzea" delitu da gaur egun —kliniketara joanda, adibidez—, eta delitu hori zabaltzea proposatu dute, abortuari buruz "informazioa jasotzeko eragozpenak jartzea" ere delitutzat hartuz. Abortuaren aurkako taldeen kontrako neurria da hori; izan ere, gobernuaren ustez, "informazio engainagarria eta bideratua" erabiltzen dute andreek abortura jo ez dezaten. Zigor handiagoak izango dira.

Emakumeen Eskubideen ministro Najat Vallaud Belkacemek adierazi du "erabateko eskubide gisara" bermatu behar dela abortua legeetan. "Autonomia hori oso garrantzitsua da ikusten ari garenean atzerapausoak emateko arriskua dagoela gure inguruan. Espainian ari gara hori ikusten, eta Europako beste herrialde batzuetan ere bai".

Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak proposatu duen abortuaren lege erreformaren alde, ehunka lagun atera ziren protestan atzo Parisen. Marc Aillet Baionako gotzaina ere protestan izan zen, eta Jose Eugenio Azpiroz PPko ordezkaria ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.