Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Nafarroako Parlamentuak abortuak egiteari uko egiten dioten sendagileen erregistro bat sortzeko egindako legearen aurka PPk jarritako helegitea. PSNk bultzatu zuen legea, eta NaBairen eta NEBren aldeko bozekin onartu zuten. Arauaren arabera, kontzientzia arrazoiak direla-eta abortuak egiteari uko egiten dioten sendagileek adierazpen bat aurkeztu behar dute, hori arrazoituz. Gainera, sendagile horien izenekin erregistro bat osatuko dute.
Nafarroako PPko parlamentari Santiago Cerverak pozik hartu du erabakia. Haren ustez, erregistro hori «legez kanpokoa eta lardaskeria hutsa» da, eta espero du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera botatzea. Cerverak salatu du PSNko Elena Torres eta Maria Chivite izan zirela legea bultzatu zutenak. Torres Gizarte Politika, Berdintasun eta Gazteria kontseilaria da gaur egun. Cerverak legearen inguruan duen iritzia galdetu dio Yolanda Barcina presidenteari.
Abortuak egiteari uko egin diotenen erregistroaren aurkako helegitea, aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu