«Legean jasotzen diren baldintza guztiak betetzen baditu, zalantzarik gabe baimenduko dugu abortuak egiteko klinika». Maria Kutz Nafarroako Osasun sailburuak baieztatu egin du Cannaregio sozietateak abortuak egiteko klinika irekitzeko eskaera egin duela. Hiru hilabete ditu gobernuak eskaera aztertzeko. Otsailaren 24an aurkeztu zuen Cannaregio sozietateak Nafarroako Osasun sailean abortuak egiteko klinika irekitzeko eskaera. Enpresak Antsoainen egin nahi du ginekologia zentroa, eta Jose Gurrea Bilboko Euskalduna klinikako ginekologoa izango litzateke klinika berriaren arduradunetako bat.
Nafarroako Osasun sailak hiru hilabete ditu Cannaregioren eskaera aztertzeko. Maria Kutz Osasun sailburuak adierazi duenez, abortuak egitea arautzen duen 2010eko ekainaren 25eko 831 dekretuan jasota dauden baldintzak betetzen baditu, «zalantzarik gabe» baimenduko dute klinika. Hortaz, dekretuak azaltzen duenez, hamalau aste baino gutxiagoko haurdunaldia eteteko, klinikak osasun eta higiene baldintza guztiak bete behar ditu, eta abortuak egiteko kontsultak eta tresneria izan behar ditu, hala nola ginekologia kontsulta, anestesia eta suspertze tresneria, analisiak egiteko aukera izatea eta ekografiak egiteko tresnak. Antsoaingo klinikak abortuak hamalaugarren astea baino lehen egingo dituela adierazi du Jose Gurrea ginekologoak.
Urtero, 600 eta 700 emakume artean joaten dira, halabeharrez, Nafarroatik Euskal Herriko eta Espainiako kliniketara abortatzera. Antsoaingo klinika administrazioak abortatzera bideratzen dituen emakumeak artatzeko gai izango dela esan du Gurreak. «Administrazioak baimenak ematen ditu, eta, klinikek legea ez badute betetzen, itxi egiten ditu. Administrazioak bidaliko ditu emakumeak, eta administrazioak ordainduko ditu operazioen gastuak».
Antsoaingo Udalak ginekologia zentroa irekitzeko txostena bideratu du, udal arauak betetzen dituela aztertu ondoren. Egoitza industrialdeko bulego eraikin batean jarri nahi dute. Udalak jendaurrean jarri du espedientea, eta industrialdeko eraikineko jabeek aste bat dute helegiteak aurkezteko.
Osasun sailaren baimena jaso eta klinikaren obrak bukatzen dituztenean irekiko dute klinika, Gurreak azaldu duenez, baina ez dute horretarako datarik jarri.
Klinika ginekologikoan lan egingo duten langile guztiak nafarrak izatea nahiko luke Cannaregiok.
Abortuak egiteko klinika baimenduko du Kutzek, baldintzak betetzen baditu
Haurdunaldiak eteteko egoitza Antsoainen eraikitzeko baimena eskatu du Cannaregio enpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu