Espainiako ministroen kontseilu berriak atzo egin zuen lehen bilera, baita lehendabiziko asmoen berri eman ere: Mariano Raxoik emandako hitza beteko duela eta Abortuaren Legea aldatuko duela ziurtatu du Soraya Saenz de Santamariak, gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak. Legea aldatzea beharrezko jo du, «adingabeen egoera bermatzeko eta bizitzeko eskubidea zaintzeko».
Justu,abortuaren kontrako Hazteoir.org plataformak elkarretaratze bat egin zuen atzo Moncloa jauregiaren kanpoan, ministroak bileran zeuden bitartean. Abortuaren Legea indargabetzeko eskatu zuten, Raxoiri karta bat emanez. «Abortua ez da gizarte zibilizatuen aukera, esklabotza ere izan ez zen bezala bere garaian», idatzi diote gutun horretan.
Atzo plataforma horren eskaerarengatik galdetu ziotenean, Saenz de Santamariak gobernuaren asmoa jakinarazi zuen, nahiz eta oraindik ez duen erabaki formalik hartu eta ez duen eperik ere finkatu. Kanpainan, Raxoik agindu zuen Abortuaren Legea moldatuko zuela eta «aurreko araudira» itzuliko zela.
16 urtez gorako neska adingabeek gurasoei ezer esan beharrik izan gabe abortatzeko aukera izatea da PPk Abortuaren Legetik gehien kritikatu dituen puntuetako bat. Helegitea ere aurkeztua dute popularrek, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala gaia aztertzen ari da. Eta auzitegiak ebazpena atera arte ministro kontseiluak ez du aldaketarik egingo, seguruenera. Lege horrekin loturarik ez duen arren, biharamuneko pilula farmazietan eta errezetarik gabe ematea ere kritikatu izan dute PPko kideek.
Azaroaren 20tik, hauteskundeak irabazi zituenetik, eskuinetik presionatzen ari dira PP, Abortuaren Legea indargabetu dezan. Atzo, Hazteoir.org plataformakegin zuen elkarretaratzea, eta heldu den astearterako ere mobilizazioak iragarriak dituzte abortuaren kontrako elkarteek, abortuak egiten dituzten kliniken aurrean. PPren Madrilgo egoitzaren aurrean ere elkartuko dira asteartean. Espainiako Gotzainen Konferentziak ere «aholkatu» du Abortuaren Legea indargabetzera.
Abortuaren Legea aldatuko duela iragarri du Espainiak
«Adingabeen egoera bermatu eta bizitzeko eskubidea zaintzea» izango da gobernu berriaren helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu