Abortuaren Legea, tokian tokiko irizpideen arabera

Legea ezarri eta urtebetera, abortuak egiten dituzten klinikek araua ezartzeko eraren balorazioa egin dute

2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Urteurrena du Hego Euskal Herrian Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoak, eta balantze kritikoa egin du ACAI elkarteak legea ezartzeko eran. Espainian, Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian abortuak egiten dituzten klinikak bateratzen ditu elkarte horrek, eta legea nola ezarri den jakiteko lehen eskuko informazioa du.

Erkidegoetako gobernuek legeari egin dizkioten interpretazioei eta arauaren gainbegiratze ezari egotzi diete Abortuaren Legea tokian tokiko erara betetzea.

Klinikak batzen dituen elkartearen aburuz, autonomia erkidego bakoitzak bere irizpideak ezarri ditu klinikei baimena emateko orduan, eta zenbaitetan irizpide horiek ez dute zerikusirik osasun egoitzen baldintza teknikoekin.

Nafarroako emakumeen egoera da lazgarrienetakoa, egin duten balorazioaren arabera. Egunhaurdunaldia borondatez eten nahi duten andrazkoak beste erkidego batzuetara bideratzen baititu administrazioak, hartarako gastu guztiak bere gain hartuz, betiere.

Edonola, aldaketa heldu da; abortuak egiteko klinika bat onetsi baitu Nafarroako Gobernuak orain hilabete bi. Antsoainen ginekologia zentro pribatu bati klinika eraikitzeko baimena onartu dio. Osasun klinika prestatzean, ikuskatzaileak egoitzaren egoeraren azterketa egitera joango dira, eta klinikak baldintzak betetzen dituen ala ez ebatziko dute hiru hilabeteren buruan. Hala bada, hamalau asteko haurdunaldia bete aurretik egingo ditu abortuak Antsoaingo klinikak.

Bestalde, 14. haurdunaldi astera arte abortua inongo azalpenikgabe egiteko aukerak eragina izan duela ondorioztatu du ACAIk plazaratu duen txostenean, gero eta bizkorrago jotzen baitute andrazkoek kliniketara.

16 eta 17 urteko neskek beren gurasoei erabakia jakinarazi behar izan gabe abortatzeko aukerak polemika eragin zuen orain urtebete, eta Konstituzio Auzitegiaren aurrean helegitea jartzeko argudio gisa ere erabili zuen PPk. Baina, klinikak batzen dituen elkarteak nabarmendu duenez, %5-10 baino ez dira izan etxekoei ezer ere esan gabe abortatu duten neska adingabeak, eta arrazoi argiak izan dituzte tarteko kasu guztietan.

Hankamotz

Abortuaren Legeak haurdunaldien prebentziorako jasotzen dituen neurriak kontuan hartu ez direla ere salatu du kliniken elkarteak. Hezkuntza curriculumari egokitzeke dirau heziketa sexualak, antisorgailuetara sarbidea ez da erabatekoa eta Sexu Osasun eta Ugalketarako eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etenerako Estrategiak ez du diagnosirik egin egoera konpontze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.