Nafarroako inbestidura

Abstentzioaren alde bozkatu dute EH Bilduko militanteen hiru laurdenek

Adolfo Araizek eman du bozketaren emaitzen berri, eta ohartarazi dio PSNri ez dezala interpretazio okerra egin, militanteek ez dutelako inolako konpromisorik sozialistek, Geroa Bai, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordioarekin.

Adolfo Araiz parlamentaria, bozketaren emaitzen berri ematen. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2019ko uztailaren 31
07:09
Entzun

Maria Txibite izango da Nafarroako Gobernuko hurrengo presidentea, EH Bilduren abstentzioari esker. Alderdiko zuzendaritzak beharrezko abstentzioak ematearen aldeko proposamena egin zuen joan den astean, eta militanteen gehiengoak onartu egin du proposamena. Azken bi egunetan militanteen esku egon da erabakia, eta Adolfo Araiz parlamentariak eman du emaitzen berri. Haren arabera, militante askori zail egin zaie abstentzioa bozkatzea. Ulertu dituzte mahai politikoak aurkeztutako argudioak, baina PSNren jarrerarekin haserre daude, eta ez dute inongo konpromisorik sinatutako akordioarekin.

Eskuina gobernura itzul ez dadin hartutako erabakia izan da, finean, abstentzioaren alde bozkatu duten militanteena. Dena den, Araizek aurreratu duenez, bihar arratsaldean egingo den lehen bozketan ezezkoaren alde egingo du alderdiak —jakina zen Txibitek ezin izango zuela lehen bozketa gainditu eta bigarrena egin beharko zela—. Ostiralean, bigarren bozketan, EH Bilduk bi ezezko eta bost abstentzio egingo ditu —gehiengo sinplearekin nahikoa du Txibitek, ozta-ozta bada ere—.

EH Bilduk hasieratik nabarmendu zuen azken erabakia militanteena izango zela eta bozketan hartutako erabakia errespetatuko zutela. Hala, Araizen esanetan, parte hartzea handia izan da, eta azken unean 900 pertsona gehiagok eman dute izena bozkatu ahal izateko. 2.600 inguruk parte har zezaketen guztira, eta eta azkenean 1.900dik gora izan dira euren botoa eman dutenak, eta horietatik %75ek, 1.432k, abstentzioaren alde egin dute. Dena den, Araizek ohartarazi dio PSNri ez dezala interpretazio okerra egin, EH Bildu bazterketaren aurka dagoelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.