Kale zurrutak izatea eragozteko neurriak zorroztu eginen dituztela jakinarazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur, kazetariei egindako adierazpen batzuetan. Udalak gogor eginen du indar horretarako, azaldu duenez. Zehaztu du azken urteetan aski handitu dutela Bilbon lanean ari diren udaltzainen kopurua, lehenago baino 300 gehiago baitira orain, eta, adierazi du orain are gehiago indartu nahi dutela Poliziaren lana. «Polizia gehiago izango dira Bilboko kaleetan. Halere, ez da erraza pertsona bakoitzaren atzetik polizia bat jartzea», esan du. Gaztelaniaz egindako adierazpenetan, gainera, zigorrei buruz mintzatu da, irmo: «Gupidarik gabe jarriko ditugu isunak». Mezua ez da bera izan euskaraz esandako hitzetan: «Isunak jarriko ditugu, dudarik gabe».
Bestalde, Aburtok azaldu du herritar gehienak arauak betetzen ari direla, baina salatu du beste batzuen jokabidea ez dela bera. «Batzuek ez dituzte betetzen arauak. Horregatik, esan beharra dugu ez dugula ulertzen, ezta onartzen ere, aisialdia kontrolik gabe edatea izatea, edo ondarea hondatzea, edo bizilagunak molestatzea. Hori ezin da aisialdia izan».