Transmisioaren barealdi betean, birusarekin loturiko heriotzen gaineko datuak ere onbidean direla erakusten du azken asteotako bilakaerak. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, ekainaren 7tik 13ra artean gutxienez hamalau pertsona zendu dira gaitzarekin Hegoaldean; denak Araba, Bizkai edo Gipuzkoan hildakoak dira, izan ere, Nafarroan ez da izan birusarekin lotutako heriotzarik. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriari dagokionez, datua izurritearen bigarren olatukoen parekoa da: abuztuaren erdialdean erregistratu zen kopuru hori baino apalagoa azkenekoz.
Bestalde, transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 9.133 diagnostiko proba egin dituzte asteartean COVID-19a atzemateko, eta horien %3k eman zuten positibo: 210k, zehazki. Lurraldeka, Bizkaian 89 detektatu dira; Nafarroan, 62; Gipuzkoan, 35, eta Araban 20.
Ospitaleei dagokienez, osasun sistemek emandako informazioaren arabera, oraintxe bertan guztira 168 paziente dira Hegoaldeko zentroetan erietxeraturik. Horietako 63 ZIU zainketa intentsiboetan daude.