Angel Acebes Espainiako Barne ministroaren arabera, ETAk atzo «kale» egin zuen, bere helburua «tranpa-bonbak jarri eta atentatuak eragindako kalteak biderkatzea» baitzen. Acebesek esan zuen ETAk «triskantza» egin nahi zuela, eta horregatik aurreratu zuela leherketaren ordua. Acebesek egindako agerraldietan behin eta berriro aipatu zuen ETAk 12:30erako iragarri zituela leherketak, eta ia ordu erdi lehenago zartatu zituela bonbak.
Barne ministroak, baina, ez zuen aipamen bakar bat egin Levante de Alacant egunkariak jasotako deiaren inguruan, eta soilik Gara-k jasotakoa aipatu zuen. Alacanteko egunkariak lehen leherketa baino hiru ordu laurden lehenago jaso zuen abisua, eta leherketak 12:00etan izango zirela zioen. Baina, Acebesek ez zion dei horri erreferentziarik egin, eta ETAri leherketa ordua aurreratzea egotzi zion.
Barne ministroak, bestalde, Polizia ikerketa lanetan ari zela esan zuen, oraindik ez zekitela lehergailuek zenbateko karga zuten, baina «oso indartsuak» zirela. Acebesek ETAren komandorik ez dagoela ere adierazi zuen, ETAk ez duela «azpiegitura finkoa» zonalde horretan, etakideak «etorri eta joan» egiten direla.
Bestalde, Espainiako Barne Ministerioak ustez lehergailuak jarri zituen gizonezko gaztearen argazkiak banatu zituen atzo arratsaldean. Lehergailuak hoteletara eraman zituena pertsona bakarra dela dio Barne Ministerioak, eta Jon Joseba Troitiño bezala identifikatu du. >
Acebes: «ETAk kale egin du tranpa-bonba jartzerakoan»
Denbora baino lehen zartatu zirela dio, eta ez du bigarren deia aipatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu