Sanferminak

Adarkadaz hiru lagun zauritu dira entzierroan

'Fugado' izeneko zezena Santo Domingon erori eta bakarrik egin du ibilbidea. Telefonican atzera egin du korrikalariak ezustean harrapatuz. Adarkadak jaso dituztenetako bi, Erresuma Batukoak dira; hirugarrena, AEBetakoa. [YouTube]http://youtu.be/MKIBnJ0EpiI[/YouTube]

jon ordonez garmendia
2012ko uztailaren 9a
14:02
Entzun

Cebada Gagoren entzierroa —sanferminetako hirugarrena—, espero bezala, arriskutsua izan da. Taldeak oso sakabanatuta egin du ibilbidea, eta Fugado izeneko zezenak arrisku handia sortu du Telefonikan. Aurrerako bidea galduta, atzera egin du, eta oholetan zeudenen kontra egin du. Gutxienez bi adarkatu izan dira gaurko entzierroan, aurtengo hirugarrenean.

Santo Domingon erori da Fugado, eta altxatu den unetik joan da alboetara, hor zeudenen korrikalarien kontra. Beste anaiak sakabanatu egin dira, baina aurrera egin dute, korrikalariei korrikaldi politak egiteko aukera emanez. Fin aritu dira korrikalariak, nahiz eta, astelehena izanik ere, jende asko zegoen.

Aipagarria da gaur ere, atzo bezala, Merkaderesko bihurgunean erori egin direla hiru zezen. Murrizketak direla eta jende gutxiago ari da lanean kalea garbitzeko lanetan, eta hori igerri egiten da.

Izua Telefonikan

Atzetik Fugado zezena mantsoago joan da. Unaiek nahikoa lan izan dute zezenari segika atzetik ari zirenekin. Horiei esker joan da zezena aurrera, alboetara gehiago joan gabe. Telefonikan, ordea, buelta eman eta atzerantz egin du, oholetan zeudenen aurka eginez; izua zabaldu du une horretan.

Zazpi izan dira guztira gaur ospitalera eraman dituztenak, horietatik hiru, adarkada jasota. Hiru horietatik bi Erresuma Batukoak dira; batek ezker hankan jaso du adarkada, eta besteak eskuinekoan. Adarkadaz hirugarren zauritua AEBetakoa da, eta horrek ere eskuin hankan jaso du adarkada, txikia.

Azkenean korrikalari trebeei eta unaiei esker zezena zezen-plazan sartu da. Entzierro luzea izan da gaurkoa, Fugadori esker. 3 minutu eta 32 segundo iraun du. 

Uztailak 7. 2:53ko iraupena. Adarkada bat. Ganadutegia: Dolores Aguirre.

Uztailak 8. 2:29. Adarkadarik ez. Ganadutegia: Miura.

Uztailak 9 (gaur). 3:32. Hiru adarkatu. Ganadutegia: Cebada Gago.

Uztailak 10 (bihar). Ganadutegia: El Pilar.

Uztailak 11 (asteazkena). Ganadutegia: Fuente Ymbro.

Uztailak 12 (osteguna). Ganadutegia: Victoriano del Rio.

Uztailak 13 (ostirala). Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.

Uztailak 14 (larunbata). Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.