18:30etan zuten hitzordua Baionako Errepublika plazan, eta pixkanaka hasi da jendea biltzen. Mugimendu feministaren andera moreak eskuetan, LGTBI kolektibokoenak ere ikus zitezkeen. M8 Greba Feminista. Bizitzak erdigunean! lelodun pankarta nagusiaz gain, banderak, lepokoak eta gisa guzietako euskarriak eraman dituzte manifestariek.
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2019(e)ko martxoaren 8(a)
"Adi ez bagaude, gure eskubideak galduko ditugu" adierazi dute mikrotik manifestazioa hasi baino lehen. "Gora borroka feminista'" oihuen artean abiatu da ondoren martxa.
400 bat lagun elkartu dira, eta talde feminista ezberdinetako kideak aritu dira pankarta atxikitzen. "Karrika gurea da" eta "Gora borroka feminista" oihuak entzun dira gehien, eta bengala ubelak ere piztu dituzte bidean:
Bengala ubelak piztu dituzte manifestazio buruan #M8GrebaFeminista@berria@IEHkohitzapic.twitter.com/HQKaqYlOrg
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2019(e)ko martxoaren 8(a)
Eguerditik karrikan
Baionako merkatuan elkartu dira Ipar Euskal Herriko emakume grebalariak eguerdian bazkari partekatuan parte hartzeko. Ingurune ezberdinetako emakume andana elkartu da greba feministaren harira. "Martxoaren 8ari ikusgaitasuna ematea". Hori da Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak gaurko grebarako duen helburu nagusia, Irati Fernandez kideak adierazi duenez. "Oraindik oihartzun handirik ez duen egun bat da". Urtarril bukaeran hasi ziren antolatzen Iparraldeko andreak: batzar bat antolatu zuten talde feministekin eta banakako emakumeekin, eta gaurko egunari begira jarri ziren.
"Iazko grebarako sortu genuen taldea berpiztea izan zen lehenbiziko helburua; eta, gero, Euskal Herriko mugimenduarekin kontaktua ezarri genuen", azaldu du Fernandezek. "Orduan, erabaki genuen grebara deitzea". Ordutik, Baionan egin dituzte bilerak, eta beste herri batzuetan aurkezpenak ere egin dituzte, emakumeak mobilizatzeko: Maulen, Baigorrin eta Hendaian egin dituzte. Fernandezek batzarretan egon den aniztasuna nabarmendu du: "Jatorri eta adin askotako emakumeak elkartu gara".
Iaz ere grebara deitu zuten Iparraldeko feministek, eta, orain, lortutakoaren balorazio positiboa egiten dute: "Greba oso ongi joan zen: Baionan ehun emakume inguru elkartu ginen bazkaltzeko, eta arratsaldeko manifestazioan jendetza egon zen", adierazi du Fernandezek.
Mugimendu feministak urratsak egin ditu Iparraldean, haren irudiko: lortu du andreak antolatzea eta sarean biltzea. Hala ere, oraindik "asko" dago egiteko, urrun baitago emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna.
"Ez da prozesu erraza, oraindik ez baitugu oihartzun handirik", aitortu du Fernandezek, baina ziurtatu du lortu dutela gizarteak grebaren gaia barneratzea. Aurten, bi mobilizazio nagusi egingo dituzte, biak Baionan.
Eguerdian, bazkaria egingo dute merkatuko plazan, eta 18:30ean manifestazioa, Errepublika plazatik abiatuta. Ondoren, poteoa egingo dute Baionako kaleetan, grebaren aldarria kalera ateratzeko. Hendaiako emakumeek, berriz, Irunen (Gipuzkoa) egingo dute protesta, Bidasoaldeko kideekin batera antolatu baitute gaurko egitaraua.
Egun osoz greba egin ezin duten emakumeak ere gonbidatu dituzte ekitaldi nagusietan parte hartzera, eta, grebarekin bat egiten dutela adierazteko, amantala balkoian zintzilikatzera, bai eta egun osoan besoko morea ipintzera ere.