AHT abiadura handiko trena oraindik ez dago prest zama garraioa eta bidaiarien garraioa batera egin ahal izateko; ez du zehaztu, behintzat, tren linea beretik bi garraio motak egin daitezkeen edo nola egingo diren. Espainiako trenbide sarea kudeatzen duen enpresak, Adifek, orain berri atera du lehiaketara azterketa bat; horrekin, finkatuko dute zer-nolako arriskuak sor daitezkeen bidaiarien eta salgaien trenek elkarrekin abiadura handian gurutzatzen direnean. Lehiaketa publikoa irabazten duen enpresak ikertuko du zer arrisku sor daitezkeen tren horiek gurutzatzean.
Gaur zortzi argitaratu zituen lehiaketaren baldintzak Adifek, eta urriaren 4an bukatuko da aurkezteko epea. 429.012 euroko diru funtsa jarri du ikerketa egiteko. Irabazleak bederatzi hilabete izango ditu lana bukatzeko. Lehiaketaren orriek zehazten dute garraio mistoa —bidaiariak eta salgaiak— hartzeko asmoa duten AHT bide guztiak ikertu beharko dituela azterlanak, eraikitzen ari diren bideak eta etorkizunean eraiki daitezkeenak barne hartuta. Tartean Hego Euskal Herrian egitekoak diren AHT bideak ere ikertu beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko agintariek maiz azaldu baitute garraio mistoa sustatuko dutela AHTarekin.
AHTaren Aurkako Asanbladak adierazi du ez dagoela lekuriktrenbide berean bidaiariak eta salgaiak orduko 250 kilometroko abiadanedo handiagoan ibiltzen direnik; hain justu, talde horrek ezagutarazi du Adifen lehiaketa publikoa. Zail da jakiten zer gerta daitekeen abiadura bizian joan daitekeen bidaiarien tren bat eta salgaien beste tren motelago bat parean egokitzen badira. Hori argitu nahi du Adifek. «Abiadura handiko lineak zirkulazio mistoarekin (bidaiariak eta salgaiak) erabiltzeko aukerak arazo berri batzuk dakartza, aerodinamikaren ikuspuntutik», zehaztu du Adifek, lehiaketaren orrietan. Ikerketaren helburua horrela finkatu du: salgaien eta bidaiarien trenak elkarrekin gurutzatzean «abiadura gehienezkoa» finkatu ahal izateko irizpideak argitzea.
«Tren bizkor bat eta motel bat gurutzatzen direnean, zehatz esanda abiadura handiko tren bat eta salgaien beste bat gurutzatzen direnean, zamaren egonkortasunari eta trenen egonkortasunari eragin diezaioketen indar eta momentuak sortzen dira», azaldu du Adifek lehiaketan. Gurutzatze une horietan zer gerta daitekeen ikertuko dute, beraz. Bi unetako ikerketak egingo dituzte: trenak kanpoan gurutzatzen direnekoa, eta tunel barruetan gurutzatzen direnekoa.
Tunel barrukoak aztergai
Lehiaketako orrietan, Adifek aitortu du ez dela hain ondo ezagutzen zer gertatzen den tunel barruetan abiadura handiko tren bat eta motelago bat gurutzatzean. Baldintzak ezberdinak dira, izan ere; tunelen luzerak, ebaketak, trenen neurriek eta soslai aerodinamikoak, abiadurak, bakoitza tunelean noiz sartu den... Faktore askok eragiten dute, eta horiek ikertzeko eskatu du Adifek.
Salgaiak garraiatzeko trenen ezaugarriak ere ikertu beharko dituzte: bagoien egituren segurtasuna, nola lotu eta babestu salgaiak, zein abiaduratan ibiltzea komeniko litzatekeen... Lehiaketaren irabazleak zehaztu beharko ditu zein aldagaik, zein eratan eta zenbateraino baldintzatzen duten era horretako bi trenen arteko gurutzaketa. Horrela, zehaztu ahal izango dute AHT lineetan zein salgai tren ibili ahal izango diren. Ikerketa teknikoez gainera, entsegu errealak ere egin beharko dituzte. Adifek ikerketaren ostean erabakiko du arau tekniko bat, zehazteko tren gurutzaketak nola egin beharko diren.
Lehenago ere sortu dira kontraesnak AHT bidez salgaiak garraiatzearen inguruan. Frantziako Gobernuaren planetan agertzen da Astigarragara (Gipuzkoa) egunean 158 salgai tren iristeko asmoa; Espainiako Gobernuak, aldiz, 66 espero ditu.
Atzo, hain justu, ezagutu zen Donostia eta Baiona arteko trenbide loturak sendotzeko proiektu bat abiatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Transfermuga izena eman diote.
Adifek oraindik ez daki AHT bidez nola garraiatuko dituzten salgaiak
Orain hasi da ikertzen zenbaterainokoak diren bidaiarien eta salgaien trenak gurutzatzean sor litezkeen arriskuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu