Adina zehazteko probetaz «abusatzea» leporatu diote Arabako Foru Aldundiari

Adingabe etorkinen egoitzetara heldu diren azken 61 gazteen erdiak bota egin dituzte, adin nagusikoak direlakoan

Adingabe kanporatuei babesa agertu zieten atzo Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Arabako Foru Aldundiak bakarrik dauden etorkin adingabeei babes sisteman sartzeko trabak jartzen dizkiela kritikatu du adingabe atzerritarren zentroetatik kanporatu dituztenei laguntza ematen dien plataformak. Azaldu du oztopo horiek prozesua hasi orduko jartzen dituztela, eta heltzen diren gazteen adina zehazteko probak horren erakusgarri direla adierazi du. Aldundiak adina zehazteko probetaz «abusatu» egiten duela kritikatu du, eta azaldu du proba horiek ezin dutela baliogabetu legezko pasaportea.

Plataformak gogorarazi du aldundiak zentroetara heldu diren gazte gehienen adina zehazteko proba bat eskatzen duela, pasaportea izan zein ez. Horrez gain, kasu batzuetan, probak iraun bitartean aldundiak hasi beharko lukeen gizarteratze protokolotik kanpo mantendu ditu adingabe batzuk. «Beste pertsonekin loturarik izan ez dezaten egiten dute hori», iritzi dio Mari Mar Jimenez plataformako kideak.

Marta Alaña Arabako Gizarte Gaietarako diputatuak jakinarazi du 2011ko uztailaren 21etik 49 pertsona atera direla adingabe zentroetatik. Horietatik 33 aldundiak berak kaleratu ditu, fiskalak igorritako adin nagusitasun dekretu bat baliatuta. Zenbait kasutan, Arabako Aldundiko egoitzetara jo zuten gazteek pasaporte faltsua edota beste nonbaiteko fiskalek sinatutako adin nagusitasun dekretuak zituzten. «Zorrotz jokatzeak gizarte zerbitzuen politikak bermatzeko balio du», nabarmendu du Alañak.

Dena den, plataformak gogorarazi du kasu gehienetan adingabe izatearen edo ez izatearen arteko muga lausoagoa dela. «Gazte batzuen kasu gatazkatsuak aipatu ditu Marta Alañak, baina gainontzekoak gurekin daude». Hain zuzen ere, abendu hasieratik zentroetatik kanporatutako gazteen kopurua handitu egin da, eta egoera «larriak» eragin ditu horrek.

Laguntza sarea hedatu

Aldundiko zentroetatik kaleratu ondoren Gasteizko Udalaren ardurapean geratu dira gazteak, baina kasu bakoitzean irizpide ezberdinak erabili ditu udalak horiek artatzean. Batzuei hiru egunerako ohea eta janaria eman izan die, eta beste batzuei gau baterako egonaldia soilik, bazkaririk gabe. Plataformako kideak gazte horien beharrei erantzuteko prestatu dira hasieratik. Batzuek etxean hartu dituzte, eta besteek, otorduetara gonbidatu. Eta udalari eskatzen ari zaizkio arreta egokia emateko.

Zentroetan aurretik egondako gazteek ere aurrerapausoa eman dute. Alissanouk, gazte horietako batek, egonkortasunaren beharra gogorarazi du: «Kalean geratu diren lagunei laguntza eman nahi diegu ikasten jarraitu eta bizimodu normala egin dezaten».

Une zehatz batean, kaleratutakoen kopuru handiagatik etxeetan arreta ematerik izan ez denean, San Frantzisko kaleko etxe okupatuko kideek ere esku hartu dute; bazkaria prestatu diete, plataformak Gasteizko Udalarekin negoziatu duen bitartean. Plataformak hamasei adingaberen jarraipena egiten du egun, eta guztiek udalaren egoitzetan lo egin eta jaten dutela azaldu du Jimenezek; horrez gain, azaldu du ikasi egiten dutela eta kirol ekintzetan parte hartzen dutela. Ordea, gazteen eskubideak aldarrikatzen jarraitzen dute plataformakoek.

Gogorarazi dute kaleratutakoan aldundiak tutoretza etetearen agiria eman behar diela adingabeei. Horrez gain, gazteen gizarteratze prozesua bideratu dezala eskatu diote aldundiari, baita egoitza baimena lortzeko agiria emateko ere. Azaldu dute adin nagusitasunaren dekretuak ez duela izan behar atzerako eraginik; hau da, aldundiaren ardurapean zeuden bitartean adingabetzat jo zituztenez erakundeak haiei lagundu behar diela behin adinez nagusikotzat jotzen dituztenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.