Adingabeen arrisku egoerak aztertzeko tresna onartu du Jaurlaritzak

Xedea Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko gizarte zerbitzuek irizpide bateratua izatea da, eta esku hartzeak arintzea

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuek adingabeen babesgabetasuna irizpide bateratuekin aztertzeko tresna dute atzotik. Balora izeneko protokoloa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran atzo, eta, besteak beste, kasuen larritasunaren arabera jarraitu beharreko bidea zehazten du. Gizarte Gaietarako Sailak duela bi urte Eudelekin eta aldundiekin hasitako lanaren ondorioa dela gogorarazi du Jaurlaritzak.

Tresna berri horrek lau talde zehaztu ditu gizarte zerbitzuetara jotzen duten adingabeak sailkatzeko: babesgabetasun arrisku egoera arina dutenak, moderatua, larria eta babesgabetasun egoera. Orain arte irizpide ezberdinak zeuden arriskua zehazteko, eta tresna horren bitartez EAEko adingabeei eman beharreko arreta bateratu nahi dute.

Horrez gain, Balorak administrazio bakoitzak hartu beharreko ardurak ere zehaztu ditu. Hala, udalen ardura izango da babesgabetasun arrisku egoera arin eta moderatuak artatzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako haur eta nerabeen babesari zuzendutako zerbitzu espezializatuak izango dira, bestalde, kasu larrienak «ikertu, baloratu eta bideratuko» dituztenak.

Teknikarien lana errazteko

Jaurlaritzak uste du kasu bakoitzak jarraitu behar duen bidea zehaztuta egoteak erraztu egingo duela teknikarien lana, eta esku hartzeko prozesua ere arindu egingo dela. Horrez gain, Balorak udalen eta aldundien arteko harremana erraztu eta sustatzeko balioko duela gaineratu du, eta, horrenbestez, adingabeen eta horien gurasoen arretaren kalitatea hobetuko dela. Jaurlaritzak jakinarazi du tresna hori garatzeko AEBetan, Erresuma Batuan eta Kanadan abiarazitako egitasmoak hartu direla oinarritzat, baina bertako egoerara egokitu dituztela. Adingabeen zaintzarako EAEko arauak kontuan hartu dira, besteak beste. Bertan zehaztu da zeintzuk diren sailkapen bakoitzaren mugak, eta administrazioak adingabeen zaintzan duten ardura gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.