EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatutako adituek agerraldi bat egingo dute urtarrilean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Autogobernu Lantaldeak bilera egin du legebiltzarrean gaur, eta haiek eskatuta agertuko dira legelariak. Mikel Legarda (EAJk izendatua), Iñigo Urrutia (EH Bildu), Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemos), Alberto Lopez Basaguren (PSE-EE) eta Jaime Ignacio del Burgo (PP) aritu dira adituen taldean, urtebete pasan. Joan den astean bukatu zituzten lanak.
EAJ, EP eta PSEren ordezkarien artean testu artikulatu bat aurkeztu dute, baina aparteko ekarpenak ere egin dituzte adituek; batik bat, erabakitzeko eskubideari buruzkoak. EH Bilduren ordezkariak bere testu artikulatua aurkeztu du, eta PPrenak ere, berea.
Markel Olanok dio EAJ «malgutasunez» aritu dela
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJko kideak Euskadi Irratian adierazi du bere alderdia, «akordioak» lortze aldera, «malgutasunez» aritu dela estatutu berriaren lanetan, eta esan du PSE-EEk ez duela «mugimendu hori egin». Duela egun batzuk bezala, erabakitzeko eskubidea bazterrean ez uztearen alde mintzatu da Olano. Dena dela, azaldu du politikan funtsezkoa dela «pragmatismoa» izatea, eta EAJk ariketa hori egin duela.