Estatus politikoa. Autogobernuaren eguneratzea

Madrilen neurrirako jantzia

Autogobernua gaurkotzeko testu artikulatua Eusko Legebiltzarraren esku utzi du aditu taldeak. Alde nabarmenak ditu jarraitu behar zituen oinarriekiko. Bihar zortzi bilduko da Autogobernu Lantaldea

Adituek duela urtebete, 2018ko urriaren 26an, egin zuten lehen bilera, atzo batzartu ziren areto berean, eta bakoitza leku berean eserita. DAVID AGUILAR / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoa testu artikulatu batean laburbildu behar zuen aditu taldeak atzo entregatu zion hilabeteetako lanaren emaitza Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiari, hamahiru hilabetez lanean aritu eta gero. Txostena gaur helduko da Parlamentuko Mahaira, eta, haren bidez, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko koordinatzailearengana, hark talde politikoei eta hedabideei zabal diezaien. Autogobernu Lantaldea abenduaren 11n batzartuko da, asteazkenez, txostena aztertzeko. Azken asteetan dokumentuaren edukiekin gertatu den bezala, ordea, agiria bera osorik zabaldu da hedabideetan, Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatutako aditu taldeak gorde behar zuen konfidentzialtasuna erabat hautsita. Legebiltzarreko zerbitzuek itzuli bitartean, gaztelaniazko bertsioa baino ez dago oraingoz.

Orain, alderdiren batek testua erregistratu beharko du lege proposamen gisa, ohiko prozedura parlamentarioari jarrai diezaion; tramiterako onarpena, alegazioen fasea eta behin betiko onarpena. Hilabeteak behar dira horretarako, eta, legealdia azken urte politikoan sartuta, ezinezkoa dirudi estatutuaren erreforma errealitate izatea indarrean den legegintzaldian. Orain arteko prozeduraren arabera, ondoren egin beharko litzateke Espainiako Kon gresuan eztabaida, eta, hala badagokio, onarpena, gero herritarrek erreferendum bidez berretsi dezaten. Legegaia Madrilera bidali aurretik, ordea, kontsulta gaitzailea egin lezakete euskal erakundeek.

Honako hauek dira aditu taldeak prestatutako dokumentu nagusiaren ezaugarrietako batzuk.

DESADOSTASUNEZ JOSITAKO AKORDIOA

Artikulatuaren bizkarrezurra Legardak (EAJk izendatua), Elizondok (Elkarrekin Podemosek) eta Lopez Basagurenek (PSE-EEk) adostu dute, eta Urrutiak (EH Bildu) nahiz Del Burgok (PP) testu propioa aurkeztu dute. Bostek enkargu argia zuten: «Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko lantaldeak onartutako oinarri eta printzipioekin bat» testu artikulatua taxutzea, eta, «adostutako oinarriak errespetatuz, «aukera aztertu» eta «ahalegina» egitea horien eta aurkeztutako boto partikularren artean «bat datozen puntuak aurkitzeko. Helburua da, posible baldin bada, dagoeneko lortutako adostasunak zabaltzea». EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten oinarriak (75 legebiltzarkidetik 46), eta eskubideen atalean Elkarrekin Podemos batu zitzaien.

EAJ-Elkarrekin Podemos-PSE hirukoak, ordea, desadostasunak izan ditu txostenaren hainbat arlotan, eta akordioa ez da gauzatu estatutugaiaren elementurik esanguratsuenetan: ez erabakitzeko eskubidearen formulazioan, ez eskumenak bermatzeko ereduan, ez estatutuaren erreforma prozesuan egin nahi zen kontsulta gaitzailean, ezta eskumenen ataleko xedapen orokorretan ere. EH Bildu testu nagusitik aparte geratuta, dokumentuaren zatirik gehienek 48 legebiltzarkide dituzten hiru taldeen babesa dute, baina, zenbait ataletan, 39koa da gehiengoa.

OINARRI URARDOTUAK

Adituek Autogobernu Lantaldearen oinarri eta printzipioen araberako testu bat egin behar bazuten ere, oinarri horien zenbait elementuren arrastorik ez da ageri aditu batzordearen agirian. Funtsean, euskal naziotasunaren aitorpenean eta Espainiarekiko izan nahi den harremanean daude aldeak oinarrietako ereduaren eta aurkeztu dutenaren artean. Estatusaren erreforma izan behar zuena estatutu erreformaren eskemara aldatu da, Espainiako Kongresuaren onarpenaren ateak irekiago izan ditzan.

Harreman ereduari dagokionez, testuaren 80 orrietan ez zaio aipamenik egiten oinarriek proposatutako eredu konfederalari, ezta Kontzertu Politikoari ere, Legardaren boto partikular batean ez bada. Batzorde misto bat sortzea proposatzen da —Kontzertu Politikoaren Batzorde Misto esaten dio Legardak, Lankidetzako Batzorde Misto Elizondok eta Lopez Basagurenek— Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek desadostasunak konpon ditzaten, betiere Espainiako lege proiektu batek «foru erregimeneko» eskumenetan eragina izan dezakeenean. Oinarri eta printzipioetan jasotakoaren arabera, ordea, bitariko batzorde horretan akordioa egotea ezinbesteko baldintza zen Espainiako lege zehatz bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezar zedin.

Erabakitzeko eskubideari buruzko formulazioak ere jakinak ziren: bi proposamen aurkeztu dira testu nagusian, EAJrena eta Elkarrekin Podemosena. Horrez gain dago EH Bilduk bere testu propioan aurkeztutakoa eta PSEren boto partikularra: Lopez Basaguren prest dago babesa kentzeko 1979ko testuan eta oraingo artikulatuan jasotako Lehen Xedapen Gehigarriari, bigarren xedapenean erabakitzeko eskubidea jasotzen bada. Horrela zioen, eta dio, lehen xedapenak: «Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu daitezkeelarik».

Nazio aitorpenaren alorrean, berriz, artikulatuak urardotu egin du oinarrietan jasotakoa. «Identitate nazionalaren eta borondate demokratikoaren adierazpideaz» mintzo dira EAJ eta Elkarrekin Podemos —PSE-EEk boto partikularra aurkeztu du puntu horretan, identitate nazional esapidea ezaba dadin—. Horrez gain, alderdi eta hedabide unionisten kexa nagusietako bat izan da herritartasunari eta naziotasunari buruzko atala, eta, azkenean, naziotasunari buruzko aipamenik ez da jaso testu nagusian: «Euskal herritartasuna dagokie bizileku administratiboa (IZENA)ren [subjektuaren izenik ez baitute adostu] lurralde esparruko edozein udalerritan duen pertsonei, eta estatutuan eta ordenamendu juridikoan jasotako eskubide eta betebeharrak aitortzen zaizkie». Horri boto partikular bat aurkeztu dio Legardak, naziotasuna eranste aldera: «Euskal naziotasuna aitortzen zaio euskal herritargoari, horrek kalterik eragin gabe gizabanakoaren berdintasunari eta integratzen dituen taldeei, ezta inolako bazterketa faktore izan gabe».

ESKUBIDE GAURKOTUAK

Eskubideen atala izan zen aditu taldeak landu zuen lehenetako bat, horrek sortzen baitzuen adostasun zabalenetakoa. Hori horrela, eskubide zerrenda askotarikoa dago jasota artikulatuan; berdintasun, parte hartze, osasun, hezkuntza, etxebizitza, lan eta abarrerako eskubideak, besteak beste. Horrek isla du eskumenetan ere, 1979ko artikulatuan ageri ez ziren zenbait txertatu dituztelako oraingoan: babes eta zerbitzu sozialen sistema publikoa nahiz ingurumena eta ekologia, esaterako. Zerrenda horretan ez zaie aipamenik egiten eskubide linguistikoei. Hizkuntzari lotutako eskubideei botere judizialaren alorrean baino ez zaie erreferentzia egiten, «estatuko organo jurisdikzionalekiko harremana» euskaraz izateko eskubidea babesteko.

Berariaz jasotako beste eskubide bat da «beharrezko akordioak sustatuko» direla «zigorra Euskadiko lurraldetik kanpo betetzen ari diren askatasunaz gabetutako pertsonak beren bizilekutik gertuen dauden espetxeetan» egon daitezen. Puntu hori ezabatzea proposatu du Lopez Basagurenek. Indarkeriaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela ere aitortzen du proposamenak.

EUSKARA

1979ko estatutuarekin alderatuta, adituen artikulatuak berrikuntza dakar euskararen inguruan (6. artikulua): «Pertsona orok du eskubidea berak aukeratutako hizkuntza ofiziala ezagutzeko eta erabiltzeko, izan alor pribatuan nahiz publikoan, eta baita botere publikoekiko harremanetan ere. Eskubide horren ariketa efektiboa bermatuko dute botere publikoek». Horrez gain, «euskal instituzioek bermatu egingo dute bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea modu erreal, efektibo eta igualitario batean, bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka gainditzea ahalbidetuko duen hizkuntz politika sustatuta».

Artikulu berean, EAJk eta Elkarrekin Podemosek adostu dute botere publikoek bermatzea «pertsona guztiek euskara ikasteko eskubidea» izango dutela «doan, beren bizitzan eta lanbidean normaltasunez aritzeko beharrezkoak diren komunikazio konpetentziak lortu arte». Esaldi hori ezabatzea proposatu du, ordea, Lopez Basagurenek, uste duelako unean uneko botere exekutiboaren eta legegilearen esku utzi behar dela erabaki hori, horiei dagokielako «gastu publikoaren lehentasunak» ezartzea.

PSE, 79KO LANGATIK BEHERA

Lopez Basagurenek boto partikular ugari aurkeztu ditu testu osoan zehar, baina deigarria da atal batzuetan jarritakoa, adierazten baitu 1979ko estatutuaren adostasuna ez duela bere egiten gaur egun. Horren adibide da subjektu politikoak izan beharreko izena. Testu nagusiko lehen artikuluak dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, «Euskal Herriaren parte direnez gero, beren identitate nazionalaren eta borondate demokratikoaren adierazpide gisa, Euskadiko Erkidego Autonomo gisa» eratzen direla, «konstituzioarekin bat». Euskal Herri adiera jasota dago 1979ko legean, baina Lopez Basagurenek boto partikularrean adierazi du gizartearen zati bat ez datorrela bat Euskal Herriaren «eraikuntza politikoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.