Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, hizkuntza politikaren norabideari buruzko txosten bat aurkeztu du PSE-EEk. Idoia Mendia idazkari nagusia buru, alderdiko euskara lantaldeak bilera egin du Donostian. Alderdiko ordezkari hainbatekin batera, tartean daude euskararen arloan aritu diren eta sozialisten inguruan egon izan diren beste pertsona batzuk ere; besteak beste, Lurdes Auzmendi EHUko irakasle eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia eta Felipe Juaristi idazlea.
Azken hamarkadetan euskara sustatzeko politikak ez du espero bezain bide ona egin, haien iritzirako. “Aurrekontuen aldetik egin diren ahaleginak eta gizarteak ere egin behar izan dituenak kontuan hartuz, euskararen normalizazio politikak ez ditu izan espero ziren emaitzak”. Horregatik, baliabideen banaketa aztertu egin behar dela ohartarazi dute: “Ez murrizketak egiteko asmoarekin, eraginkorragoak izateko baizik”.
Euskararen arloan adostasuna ezinbesteko dela ohartarazi du PSE-EEk, eta “gobernu abertzaleen” kontra jo du, hori “apurtu” egin nahi izan dutelakoan. Adibidetzat jarri dituzte Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua —2003koa, aurreko legealdian aldatu zutena PSE-EEk eta PPk— eta orain hiru hilabete onartutako udal legea —udalei aukera ematen die bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzeko—.
“Hiritar guztien berdintasuna” aldarrikatu dute agirian: “Bai ohiko tramiteetan, bai informazio eskeetan, edota herri administrazioaren lanpostuetara iristeko aukeran”. Hizkuntza eskakizunak jarri dituzte jomugan: “Hizkuntza eskakizunak oztopo dira euskara menderatzen ez duen euskal hiritar askorentzat. Hori gertatzen da Jaurlaritzak epe jakin batean sektore publiko elebidun bat sortu nahi izan duelako. Ez, ordea, hiritarrek eskatzen dutelako. Honen atzean interes politiko bat dagoelako nagusiki. Ez horrenbeste gizarteak eskatzen duelako”.
Sistema horretan aldaketak egin beharraz ohartarazi du: “Hizkuntza ezin da izan diskriminazio elementu bat administrazioan sartzeko”. Zehazki, proposamena da eremu linguistikoen eta lanpostuen mailaren arabera egitea hizkuntza eskakizunak.