Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiaren heriotzagatik atsekabea agertu dute Euskal Herriko eragile politiko ia denek. Laudorioak izan dituzte harentzat,eta doluminak agertu dizkiote Suarezen sendiari.
Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna izan zuen Suarezek, eta «ezberdinen arteko itunak» lortzeko kapaza izan zen. Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak nabarmendu duenez, berriz, Suarezek «errespetu handia» izan zion aniztasun politikoari eta estatuaren nazio aniztasunari. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazi du Suarezek «pausoz pauso» eraman zuela Espainia «askatasunerantz», eta horretarako, egoera zailetan «erabaki ausartak» hartu behar izan zituela.
EAJk, PSEk eta PPk ere Suarezen aldeko alabantzak izan dituzte: Aitor Estebanek (EAJ) esan du«adostasunak» gidatu zuela haren jarduna; Patxi Lopezen ustez, (PSE) «frankismoa eraitsi» zuen, eta Laura Garridok (PP) «estatu gizona» izan zela adierazi du.
Pernando Barrena Sortuko eleduna, ostera, kritiko agertu da Suarezekin, «errespetuz». Haren ustez, «Euskal Herriari subjektu politikoa izateko eskubidea ukatu» zion erreforma gidatu zuen. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuaren iritziz, trantsizio «iruzurti» baten irudia izan zen.
Adolfo Suarez goratu dute euskal eragile ia guztiek
Elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna zuela esan dute, besteak beste, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu