Adostasuna, eskubideak ardatz

Josu Labaka EH Bilduko kidea aukeratu dute Uemako lehendakari.EAJk du lehendakariordetza

Uemako kide diren herrietako ordezkariak, atzo. Aurrean, zuzendaritzako kideak; kartela eskuan dute lehendakariak eta lehendakariordeak. GOTZON ARANBURU / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Azpeitia
2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Adostasuna eta hizkuntza eskubideak bermatzea. Bi ardatz jarri ditu hurrengo urteetarako erronka gisa Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Josu Labaka izendatu dute lehendakari. Adostasuna, Uemaren izpirituari jarraitzeko eta euskara bultzatzeko: «Uema zerbait bada, elkarlana da». Eskubideak, euskaldunak oraingo egoeratik ateratzeko, «bigarren mailako herritar izateari uzteko». Hurrengo lau urteetan gidatuko du Labakak Uema.

Agintaldi berriari ekin zion atzo mankomunitateak. Azpeitian (Gipuzkoa) batzarra egin zuten zuzendaritza berria aukeratzeko. Ez zen ezustekorik izan, eta atzo BERRIAk aurreratu zuen gisan, banaketa hau izango du batzordeak: zazpi kide EH Bildukoak izango dira —lehendakaria tartean—; hiru ordezkari izango ditu EAJk —lehendakariordea alderdi horretakoa izango da: Gatikako zinegotzi Onintze Amezaga—; eta udal talde independenteek kide bat edukiko dute. Herri bakoitzak biztanleen araberako ordezkaritza izaten du.

Uema «sentsibilitate desberdinen» bilgune dela nabarmendu zuen Labakak, eta zuzendaritza batzordea bera jarri zuen horren adibide. EAJk aurreko agintaldian baino ordezkari bat gehiago izango du zuzendaritzan, eta lehendakariordetza ere bai. Jeltzaleen eskuetan dauden bi udal dira zalantza: Lekeitio (Bizkaia) eta Tolosa (Gipuzkoa). Ordezkaririk ez zuten bidali atzoko batzarrera, baina ez dute erabakirik hartu oraingoz. Lesakak (Nafarroa) hiru ordezkariren tokian bakarra jarri du, EH Bilduko zinegotzi Maider Arrieta —alkatetzan Geroa Bai dago—. Zuzendaritzan ere sartu da Arrieta. Udalak ez du esan zer asmo duen.

Hiru kasu horiek salbuespena dira, hala ere: 73 herri daude gaur egun Ueman. Horiek taldean jarraitzea bakarrik ez, herri gehiago sartzea ere jarri du helburutzat mankomunitateak. Biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak dituzten udalerriak sar daitezke.

Gisa horretako herriek euskararen aurrerabiderako duten garrantzia nabarmendu du Labakak: «Euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi». Aurreko agintaldian ikerketak egin ditu Uemak arnasguneen egoerari buruz, eta beherakada agertu da: euskarak gorako bidean segitzen du indar gutxien zuen tokietan, erdaldunenetan; indarra duen tokietan, berriz, herri euskaldunetan, beheraka hasia da. Labakak uste du «sentsibilitate politiko ezberdinek» barneratua dutela arnasguneen garrantzia, eta lanerako tartea badagoela, bi aldetan: «Arnasguneak zaindu eta zabaldu ahal izateko, eta gune erdaldunagoak euskarara erakartzeko».

Euskarari dagokionez eskubideak aintzat hartuko dituen «oinarrizko zorua» adostu behar dela adierazi du Labakak. Besteak beste, euskarazko akten gaiak zeresana izango du hor; Eusko Legebiltzarrean Udal Legea eztabaidatzen ari dira, eta Uemak nahi du hor bermatzea aktak euskaraz egiteko aukera. Adostasunak jostea eskatuko du pauso horrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.