euskararen nazioarteko eguna

Adostasunak josteko aldarria

Euskara biziberritzeko bidean adostasunak areagotzea ezinbestekotzat jo dute Euskararen Egunean. Erabilera indartu beharra dagoela nabarmendu dute. Ehunka lagunek parte hartu dute ekitaldietan.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko abenduaren 4a
21:03
Entzun

Adostasun deiak eta erabilera igotzeko eskariak, biak nagusitu dira Euskararen Nazioarteko Eguneko aldarrietan. Ekitaldiak egin dituzte batean eta bestean, eta erakunde ugarik argitaratu dituzte adierazpen ofizialak. Kutsu bertsua hartu dute guztiek, ñabardura batzuk izan arren. Adostasuna ezinbestekoa dela nabarmendu dute instituzioek, eta bide berriak jorratzeko eskatu dute. Eusko Legebiltzarrak, adibidez, aho batez onartu du agiri bat, eta «oinarrizko adostasuna» galdegin du alderdi politikoen eta eragile sozialen artean. Euskararen erabilera sustatzea giltzarri jo dute testuan.

Abenduaren 3a, herri ugaritan egin zituzten ekitaldiak atzo; herri bakoitzeko euskara elkarteek antolatu zituzten gehienak. Jai zuten atzo Nafarroan —Frantzisko Xabierkoaren eguna—, eta Euskararen Egunak isla apalagoa izan zuen —erakunde gehienek ez zuten egin adierazpen ofizialik eta—. Interneten toki handia hartu zuten egunaren inguruko mezuek.

Erabilera izan zuten ardatz ekitaldi gehienek. Baionan, adibidez, Bernat Etxepare Lizeoan, Lore Jokoak egin zituzten ikasleek; euskarazko sorkuntzak egin zituzten. Euskara praktikatzeko aukera ere jarri zuten: Donostian, esate baterako, Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara? solasaldia egin zuten; ehun gazterekin batera izan ziren telebistako eta kultur arloko hainbat pertsona ezagun, euskararen erabilera gaitzat hartuta. Gipuzkoako Diputazioak eta Gaztezulo aldizkariak antolatu zuten ekitaldi hori. Antzeko solasaldi gehiago ere izan ziren: Donostian bertan, belaunaldi arteko mintzodromoa egin zuten 300 lagunek, udalak antolaturik. 150 ekintzatik gora egin dituzte hirian.

Bilbon egin zuten jarduera jendetsuena: 2.000 ikasletik gora bildu zituzten giza kate batean. Zubi Zuria eta Arrupe Zubia elkartu zituzten. Amaieran, besteak beste, Euskaraz bizi nahi dut abestia kantatu zuten elkarrekin. EHUren Leioako campusean ere ikasle mordoa bildu zen Euskomorfosia leloarekin egindako ekitaldietan.

Erakundeen ekitaldi nagusia iluntzean egin zuten, Eusko Jaurlaritza buru zela, Gasteizen, Lehendakaritzan. Hainbat erakundetako eta gizarte eragiletako kideak bildu ziren. Euskara batua izan zuten hizpide, hura sortzeko bideak 50 urte bete dituela eta. Hitzaldian, euskara indartzearen garrantziaz jardun zen Iñigo Urkullu lehendakaria: «Euskararen bizi indarra hauspotzen jarraitzera» dei egin zuen. Jaurlaritzak hizkuntz politika zeharlerro duela azaldu zuen. Adibide, Justizia Sailak jakinarazi du 774.000 euro jarriko dituela euskalduntzeko.

«Adostasun bide berriak»

Goizean Eusko Legebiltzarrean egin zuten ekitaldia. Gure Xabiertxo erakusketa ireki zuen Bakartxo Tejeria presidenteak. Urte luzez eskola umeek erabili zuten Xabiertxo liburuari buruzko erakusketa da. Parlamentuak joan den astean onartu zuen adierazpen bat. Adostasuna eskatu zuten talde guztiek, eta integrazioa bultzatu behar dela defendatu zuten: «Euskal gizartearen elementu integratzailea da euskara, gaztelania den bezala. Eutsi egin behar zaie orain arte lortutako adostasunei, eta bilatu behar dira adostasunerako bide berriak, euskararen erabilera sustatze aldera».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Diputazioak ere adostasuna eskatu dute hizkuntz politikan, eta salatu egin dute euskarak hamarkada luzez jasandako bazterketa. Batzar Nagusiek, gainera, EAEtik kanpoko erakundeei ere dei egin diete, «jarrai dezaten guztiona dugun hizkuntza guztiz berreskuratzeko elkarlanean». Donostiako Udalean, argazkia egin zuten alderdietako kideek.

Omenaldia Bilbon

Araban, agiri bera egin dute Gasteizko Udalak eta Arabako Batzar Nagusiek. Nabarmendu dute Araban asko egin duela aurrera euskarak. «Garai erabakigarria da oraingoa; euskaldun asko gara, inoiz baino gehiago». Elebitasuna onerako dela diote bi erakundeek, eta euskara indartzen segitu behar dela, «politika orekatua» eginez, «adostasuna oinarri».

Bizkaian, diputazioak azaldu du han eta hemen antolatutako ekintzak saretzen ahalegindu dela, «lurraldeko ikuspegia emateko». Bilboko Udalak Euskararen Eguna baliatu du Itoiz musika taldea eta Kafe Antzokia omentzeko, biek euskararen alde eginiko lanagatik. Herenegun, udaleko talde guztiek euskarari buruzko gutxieneko itun bat egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.