Ameriketako Estatu Batuetako armadako hegazkinek Afganistango Herat probintzian eginiko bonbardaketan gutxienez 14 lagun hil dituzte, zehazki Herat hiriaren kanpoaldean. Ikramuddin Jauar poliziaburuaren esanetan, biktimak bizi ziren oihalezko dendak bonbardatu dituzte AEBetako airekoek, eta hildakoen artean gutxienez sei emakume eta bi haur daude. Horiez gain beste zortzi lagun hil dituzte, gizonezkoak denak, baina poliziaburuak ez du zehaztu zibilak edo ekintzaileak ziren.
AEBetako okupazio indarren eledunek, aldiz, azaldu dute "bonbardaketa zehatz batean" Gholam Jahia Akbari izeneko buruzagi taliban bat eta beste 15 bat ekintzaile islamista hil dituztela Herat hiriko Guzara barrutian.
Ez da lehenbiziko aldia AEBetako armadak Afganistanen zibilak hiltzen dituena airez nahiz lurrez eginiko bonbardaketetan. Halako kasu ugari gertatu dira, eta ehunka lagun hil dituzte horrela. Erasoetan hildakoak "ekintzaileak" zirela esan izan du Etxe Zuriak, baina herritarrek askotan salatu eta frogatzerik izan dute hildakoak zibilak zirela.
Esate baterako, iazko abuztuan Afganistanen egindako erasoan AEBek 90 zibil hil zituztela baieztatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak. Gainera, Kabulgo gobernuak okupazio indarrak herrialdetik "behin betiko" ateratzeko ordua zela esan zuen. Gobernua AEBen eta nazioarteko potentzien aliatua da.
Obamak beste 17.000 soldadu bidaliko ditu Afganistanera
Horiek hala, AEBetako presidente Barack Obamak Afganistanera beste 17.000 soldadu igortzea onartu du, gaur Etxe Zuriko eledunek jakinarazi dutenez.
AEBetako armadak, Londresko eta beste gobernu batzuetako agintarien babesarekin 2001eko urrian Afgnistan inbaditu eta okupatu zuenetik hamaika erasoaldi egin dituzte 1996tik 2001 arte agintean egon zen mugimendu talibanaren aurka. Washingtonek zuzendutako koalizio militarraren eta ISAF Afganistanen Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek okupatzen dute herrialdea. ISAFeko 50.000 militar daude han, erdiak baino gehiago AEBetako soldaduak. Horiez gain, AEBek beste koalizio bat zuzentzen du, "terrorismoaren kontra ekitea" helburu duena. Askatasun iraunkorra izena du koalizio horrek, eta 15.000 militarrek osatzen dute.
Obamak orain soldadu gehiago bidaltzeko bere erabakia honela justifikatu du: "Afganistango eta Pakistango egoerek berehalako arreta eta neurri bizkorrak exijitzen dituzte". Argudiatu duenez, mugimendu talibana berriz indartu da Afganistanen, eta Al Kaedak matxinoak sostengatu eta "Pakistanekiko mugaldeko aterpeetatik AEBei mehatxu" egiten die.
"[AEBetako soldaduen] Berrindartzeak Afganistango herriaren segurtasunari eta herrialdearen egonkortasunari lagunduko dio", azaldu du Etxe Zuriko agintariak.
Mundua
AEBek gutxienez sei emakume eta bi ume hil dituzte Afganistanen
Zortzi gizon ere hil dituzte, baina ez dago argi zibilak ala ekintzaileak diren. Barack Obamak argi berdea eman dio herrialdera beste 17.000 soldadu estatubatuar bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu