AENAri 10.000 euro eskatuko dizkiote kaltetu bakoitzarentzat

Kontrolatzaileen lanuzteak eragindako ondorio moralengatik nahi du ordaina kaltetuen plataformak

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Aurreko astean aireko kontrolatzaileen lanuzteen ondorioz kaltetuek sortutako plataformak10.000 euroko kalte-ordaina eskatuko dio Espainiako aireportuak kudeatzen dituen AENA erakundeari kaltetu bakoitzarentzat. Lanuzteak eragindako «kalte moralengatik» eskatuko dute diru kopuru hori.

Plataformako abokatu Javier Cremadesek aurreratu duenez bide administratibotik egingo dute, eta urtarrilean aurkeztuko dute kalte-ordain eskaria. «Kopuru hori AENAk halako egoeretarako aurreikusten dituen kalte- ordainetatik harago doa, 600 euro baino ez baititu ematen».

Kaltetu gehienak bidaiari partikularrak dira, baina baita ostalari elkarteak eta aire lineak ere. Plataformak prentsaurrekoa eman zuen atzo hainbat kalteturekin, tartean Alaitz San Sebastian donostiarra zegoen. Haren aita bihotzekoak jota hil zen, Madrilgo Barajasko aireportuko komun batean, kontrolatzaileeklana utzi eta ordu gutxira. Donostiara itzultzeko hegaldiaren zain zegoen, Kuban oporretan egon ostean. «Agian haren patua egun horretan hiltzea zen, baina kontrolatzaileen greba egon ez balitz, etxean hilko zen, eta ez aireportuko komunean. Ezin izan nuen agurtu», esan du alabak.

Plataformak akusazio partikular gisa aurkezteko asmoa du, etorkizunean kontrolatzaileen aurka Espainiako Fiskaltzak hasi dezakeen zigor auzibidean. Batzuek horren inguruko zalantzak agertu arren, kontrolatzaileei 1964ko Espainiako Aire Nabigazioaren Legean jasotzen diren zigorrak ezarri ahal zaizkiela uste du plataformak. «Legea ez da Konstituzioaren aurkakoa, eta ez dute indargabetu. Beraz, ez dugu hori hala ez izateko arazorik ikusten». Lege horrek zortzi urte arteko kartzela zigorrak jasotzen ditu arrazoirik gabe lana uzten duten kontrolatzaileentzat.

Bostehun inguru izango dira Fiskaltzak ikertuko dituen kontrolatzaileak. Ostegunean zuten aurrenekoek ordua epaitegietan, baina uko egin zioten deklaratzeari. Espainiako Gobernuak azken egunetan behin eta berriz aipatu du egindakoa ez zaiela «doan» aterako. Dena den, Jose Blanco Sustapen ministroak aste hasieran nabarmendu zuen argi duela kontrolatzaile guztiek ez zutela erantzukizun bera. «Ez dira berdinak oinarrizko langileak eta sindikatuko zuzendaritzako kideak», adierazi zuen.

Horren inguruan galdetu diotenean,EAEko Fiskal nagusi Juan Kalparsorok adierazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportuetako aireko kontrolatzaileek ez zituztela bultzatu lanuzteak, eta, zigortzekotan, horietan parte hartzeagatik zigortu beharko lituzketela. Beraz, zigorra gehienez hiru urtekoa izango litzateke.

Bestalde, herenegun Fiskalen Elkarteak egindako kritikei erantzun die Espainiako Fiskaltzak, eta Candido Conde Pumpido fiskal nagusiak alarma egoera ezarri zen Ministroen Kontseiluan parte hartu izana defendatu du. «Ezohiko kasuetan horretarako aukera ematen du legeak, eta hau hala zen».

Alarma egoerari dagokionez, hainbat hedabidek atzo zabaldu zuten litekeena dela egoera hori Gabonetako oporrak igaro arte luzatzea, edo behintzat aireportuen militarizazioari eustea. USCA kontrolatzaileen sindikatuak bi helegite jarrita dauzka militarizazio horren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.