«Agenda politiko pozoindua» salatu du ezker abertzaleak

Errepresioa alboratu eta «soilik bide politiko eta demokratikoak» erabiltzeko deia egin dio Espainiako Estatuari

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Agenda politiko pozoindua» eskaintzen dio Madrilek Euskal Herriari, ezker abertzalearen ustez. Hori erakusten dute atzoko atxiloketek eta «oro har azken hilabeteotako gertakari errepresibo guztiek». PSOE eta PP «salbuespen egoera» mantentzeko ahaleginean ari direla adierazi du, eta hori «herri honetan zabaldu den prozesua eta aro politiko berria sendotu eta errotu dadin galarazteko» intentzioz egiten dutela uste du. «Konfrontazio politiko eta demokratikoaren beldur» izatea aurpegiratu dio, eta ezker abertzaleak argi dauka horregatik erabiltzen dituela «indarkeria eta errepresioa».

Nolanahi ere, bere «ahuldadea» agerian uzten baino ez da ari Espainiako Estatua, ezker abertzalearen irudiko, eta bere zilegitasuna «minimo historikoetan» kokatuta dagoela ohartarazi dio. «Estatua atzera egiten ari da; ordea, gehiengo sozial, sindikal eta politiko geldiezinak demokraziaren eta indar metaketaren hautua egin du, eta arrazoiz eta etorkizunez kargatuta dator herri honen aurrera».

Horregatik, «errepresio ekinbide oro» alboratzea galdegin dio ezker abertzaleak Espainiako Gobernuari, «soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzeko hautua eginez, Euskal Herrian irekiriko den momentu politikoak eskatzen duen maila erakuts dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.