urkulluren agintaldia

Agindutakoaren %90, "beteta"

Gobernu programan agindutakoaren %90 burutu duela ziurtatu du lehendakariak, 1.000 eguneko balorazioan. Legealdia oraindik ez dela amaitu azpimarratu du, ordea. Adierazi duenez, “oraindik lan asko dago egiteko”.

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur goizeko ageraldian. DAVID AGUILAR. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko apirilaren 6a
09:52
Entzun

Hiru erronka nagusi ezarri zituen Iñigo Ukullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere lehen legegintzaldirako: ekonomia eta enplegua sustatzea, bakegintza eta estatus politiko berria onartzea. Hala jaso zituen 2012-2016ko Gobernu Programa txostenean. 1.000 eguneko programa izango zela iragarri zuen eta gaur, lortutako emaitzen gaineko balorazioa egin du. 2020rako asmoen artean aipatu ditu estatus politiko berria onartzea, ETAren armagabetzea, bakegintzari buruzko gizarte adostasuna lortzea eta langabezia %10etik jaistea.

Programan jasotako ekimenen %90 burutu dituela nabarmendu du Urkulluk. Guztira, 629 ekimen jarri ditu martxan gobernuak eta 14 plan estrategiko ipini ditu abian. Horrez gain, hitz eman zituen 29 lege proiektutatik 23 Eusko Legebiltzarrera bidali dituela adierazi du.

Ekonomiaren egoerari buruzko irakurketa baikorra egin du Urkulluk. Ziurtatu duenez, “joera positiboan gaude” eta orain “haztea tokatzen da”. Hala ere, oraindik krisia ez dela amaitu ohartarazi du. “Galdutakoa berreskuratzeko denbora beharko da”, aitortu du.

Bakegintzaren arloan, berriz, Eusko Jaurlaritzak eginiko proposamenak gogorarazi ditu, bai ETAren armagabetzerako, bai kartzela politika aldatzeko, baita “iraganaren irakurketa kritikorako” ere.

Bestalde, estatus politiko berria onartzeko “nahia” berretsi du, baina 2020 urtera atzeratu du helburua. Urkulluren esanetan, estatus politiko berria lortzearen ardura ez dagokio Jaurlaritzari bakarrik, baita alderdi politikoei ere. Zentzu horretan, adierazi du, “autogobernu lantaldeak zeregina du oraindik”. Jaurlaritzak autogobernuari buruzko nazioarteko jardunaldia babestuko duela ere iragarri du. Apirilaren 20an antolatuko da jardunaldia Eusko Legebiltzarrean.

Etorkizunari begirako asmoen artean aipatu ditu, estatus politiko berria onartzeaz gain, ETAren armagabetzea, bakegintzari buruzko gizarte adostasuna lortzea eta langabezia %10etik jaistea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.