Aralarrek salatu du aurreko bi alditan ez bezala atzo bertan behera geratu zela Eusko Legebiltzarrean Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordea. Lan Segurtasun eta Osasunerako II. Plana eztabaidatzen ari ziren batzordean. PPk protesta egin zuen Aralarrek planaren inguruan aurkeztutako ebazpenak soilik euskaraz zeudelako. Hala, batzordeko buruak —PSE-EEko legebiltzarkide bat— eten egin zuen eztabaida, Aralarrek aurkeztutako helegiteen agiria itzulpen zerbitzura igortzeko. Azkenean, ordea, itzulpena egiteko hamar minutu behar zenez, ez zen egin. Hala, itzuli gabe bozkatu zituzten helegiteak, eta PPk eta PSE-EEk ez zituzten Aralarren ebazpenak babestu. «Bitxia da hori, aurretik Gemma Zabaleta sailburuak berak interesgarritzat eta kontuan hartzeko modukotzat jo baitzituen guk egindako ekarpenak».
Urrian, Aralarrek berak beste bi batzorde —Herrizaingokoa eta Osasunekoa—atzeratzeko eskatu zuen, informazioa euskaraz izan arte. Baina ez zuten onartu. PPko eta PSE-EEko legebiltzarkidea ziren batzorde horietako buruak.
Aralar, gainera, zain dago Polizien Legearen tramitazioa etengo ote duten, euskara hutsez aurkeztu baititu zuzenketak. Gainera, txostenetako bat hizkuntz bakarrean dago.
Agiri bat euskara hutsez zegoelako, saio bat eten du Eusko Legebiltzarrak
Aralarrek salatu du dokumentuak gaztelania hutsez egin direnetan ez dela berdin jokatu batzordeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu