Bilbon egin du agerraldia Josu Erkorekak, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak atzo plazaratutako agiria baloratzeko. Eusko Jaurlaritzaren eledunak “zuhurtasuna” eskatu du komunikatua aztertzerakoan eta, adierazi duenez, aurrerapena da presoek “espetxe legeak eta banan-banako gizarteratzea” beren egitea eta eragindako mina onartzea, nahiz eta minaren onarpena “oso mugatua eta partziala” den exekutiboaren ustez.
Erkorekaren arabera, Espainiako Gobernuak “aukera ona” dauka gertatzen ari denaz jabetzeko: “Presoen kolektiboak iragarritakoa urrats zehatzetan gauzatu ahala, espetxe legea benetan onartzen dutela baieztatzen bada, espetxe estrategia aldatu behar luke Madrilek”.
Atzo argitara eman zuen agirian, EPPK-k hau adierazi du presoen etxeratzeari buruz: “Ontzat eman dezakegu gure etxeratze prozesua –Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbetez- lege baliabideak erabiliz gauzatzea, guretzat inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren”. Etxeratze prozesu hori “egitasmo orokor batean modu mailakatuan” aurrikusten du EPPK-k, “konpromiso indibidualarekin eta denbora zuhur batean” garatuta.
Eragindako minari buruz, “zinez” aitortzen duela dio EPPK-k. “Gure jarduera politikoaren ondorioz gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa onartzen dugu”, dio agiriko puntu batean.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, EPPK-k ekintza bihurtu behar ditu atzoko agiriko hitzak, “konpromisoari sinesgarritasuna” eman eta etorkizun baketsu bati ekarpena egin ahal izateko. “Agiriak ezin du adierazpen isolatu bihurtu. Balioa izango badu, emandako alde bakarreko urratsetan lehena beharko du izan, desarmerako eta ETA behin-betiko desagertzeko norabidean”.
EPPK-k agirian egungo egoeraz egiten duen azterketa politikoari buruz, Jaurlaritzak ez du baloraziorik egin nahi izan. “Ezta agiria zipriztintzen duten prozedura arloko baldintzena ere”. Agiriak “onetik” daukana baloratu du Gasteizek, Erkorekaren arabera, eta ona du “kolektiboak espetxe legedia, banan-banako gizarteratzea eta eragindako mina onartu izana”, min hori “mugatuta eta partzialki” onartzen badu ere.