Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Ahal Dugu-k eta PPk gaur emango dute lehendakarigaien berri

Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua eta erkidegoko hauteskundeen deialdia bihar agertuko dira EAEko agerkari ofizialean.

Alfonso Alonsok emango du PPko lehendakarigaiaren berri. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 1a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraindik ez da jakina nor aurkeztuko duten lehendakarigai Ahal Dugu-k eta PPk. Gaur emango dute biek horien berri. Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak agerraldia egingo du 11:30ean hautagaia nor izango den jakinarazteko, eta Ahal Dugu-k ere gaur esango du nor nagusitu den alderdiko hauteskunde primarioetan.

Sei hautagai lehiatu dira: Pili Zabala, Juan Luis Uria eta Ruben Belandiaz gain, hiru hautagai independente aurkeztu dira: Zaloa Aizpiri Agirre, Manuel Garcia Alfaro eta Olga Uruñuela Cuenca. Nagua Alba Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Pablo Echenique Podemoseko Antolakuntza idazkariak agerraldi bat egingo dute 18:00etan.

Gainerako indar politiko nagusiek zehaztuak dituzte lehendakarigaiak: Iñigo Urkullu aurkeztuko du EAJk, Arnaldo Otegi EH Bilduk eta Idoia Mendia PSE-EEk. Irailaren 25ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Datari buruzko zurrumurruak ostiralean argitu zituen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua eta erkidegoko hauteskundeen deialdia bihar agertuko dira EAEko agerkari ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.