Martxoaren 3ko gertakarien 35. urtemuga «mugarria» izan da biktimen elkarteko kideentzat.Egia, justizia eta erreparazioaren aldarrikapenak ozen entzun dira urte osoan hainbat ekintzaren bitartez, eta urtea amaitu aurretik M3moria Gunea izeneko egoitza berria inauguratu dute. «Egoitza soil bat baino gehiago izatea nahi dugu», azaldu du Lander Garcia elkarteko kideak. Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen gunea «ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako beste lubaki bat» bilakatu nahi dute biktimen elkartekoek.
M3moria Gunea egitasmo «aitzindaria» da Euskal Herrian, eta elkartekoek espero dute ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan «erreferentzia» bilakatzea. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren gertakariak gogoratzeko eta biktima horientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko ez ezik, Euskal Herrian «askatasunaren»eta «inposatutako bertsio ofizialaren» aurkako borroken bilgune ere izan nahi du egitasmo berriak, elkarteko kideak azaldu duenez.
Hala, Euskal Herriko gatazkaren sufrimenduaren argazki «osatua» egiteko tresna izan nahi du gune berriak, Garciaren esanetan. Elkarteko kideak uste du Euskal Herriaren egungo egoera politikoan berebiziko garrantzia hartzen ari dela euskal gatazkaren sufrimenduen «kontakizuna» eta abagune berrian zeresan handia dutela martxoaren 3ko biktimek ere. Urtetan «gezurra eta manipulazioa» pairatu dute biktima horiek, baina euren borrokari esker egia azaleratzen ari dela azaldu du Andoni Txasko eledunak. «Halako guneek, beraz, berebiziko garrantzia izango dute gertakariak argitu eta erantzukizunak eskatzeko bidean».
Ibilbidea Zaramagatik
Datorren urtarrilean zabaldukodute ofizialki M3moria Gunea, eta, herritarrentzat ez ezik, «zenbait herri borrokatan» dauden eragile ororentzat ere irekita egongo da. Halaber, elkarteko kideak prest daudemartxoaren 3ko gertakariekin zerikusia duten dokumentu, material edota testigantzak jasotzeko, eta gasteiztar orori dei egin diete elkartearekin elkarlanean aritzeko.
Jarduera ugari egingo dituzte egoitza berrian, elkarteko kideek azaldu dutenez. Besteren artean, Oroitour politikoa ekimena martxan jarriko dute, Zaramaga auzoan. Auzotik irten gabe Euskal Herriko gatazka politikoaren historia aztertuko dute bi orduko ibilbidearekin. Izan ere, Zaramaga auzoa «sufrimenduaren mapa politikoa» ulertzeko tresna eraginkorra dela iritzi diote elkartekoek, Francoren diktaduratik hasi eta gaur egun arteko historia aztertzeko aukera ematen duelako. Gainera, ibilbide horrekin gatazka politikoaren inguruan zabaldu den «bertsio ofizialari» ere aurre egin nahi diote.
Horrez gain, zinema-tertuliak, hitzaldiak, dokumentalak eta liburuen aurkezpenak ere egingo dituzte egoitza berrian. Ekimen guztien ardatza memoria historikoa eta «zigorgabetasunaren aurkako borroka» izango direla jakinarazi dute elkarteko kideek.
Urtemuga emankorra
2011. urtearen balantzea ere egin du Martxoaren 3ko elkarteak,Gasteizko sarraskia izan zenetik 35 urte bete direla gogoratzeko hainbat ekintza egin dituelako.Besteak beste, Ipar Irlandako Bloody Sunday edo Igande Odoltsua bezala ezaguna den 1972ko gertakariaren biktimekin «elkarlanean» aritu dira Gasteizko biktimen elkartekoak; emaitza «oso positiboa» izan dela adierazi dute. Bi elkarteen arteko «sintonia» erabatekoa izan da, eta elkarrengandik «asko ikasi» dute, Txaskok esan duenez.
Euskal Herriko eta Espainiakohainbat errepresaliatuen omenezko ekitaldietan ere parte hartu du Martxoaren 3ko elkarteak. Halaber, Grebatik sarraskira izeneko erakusketa ibiltaria martxan jarri du, eta «arrakasta handia» izan du. Erakusketa Euskal Herriko hamaika txokotan aurkeztu du jada, eta hemendik gutxira Bartzelonako Euskal Etxera ere eramango dute (Herrialde Katalanak).
«Ahanzturaren aurkako beste lubaki bat» izatea nahi dute M3moria Gunea
Euskal Herrian «aitzindaria» da Martxoaren 3ko biktimen elkarteak ireki duen egoitza berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu