Aho geroz eta gehiagotarik

Izan abertzale edo ez, geroz eta eragile gehiagok diote Frantziari euskal presoen sakabanaketa bukatzea eskatzenAdierazpen horiek euskal jendarteak eragin presioaren adierazle direla dio Askatasunak

Jean-Rene Etxegarai, Michel Larralde, Frederique Espagnac, Kotte Ezenarro eta Max Brisson, Aieteko Konferentzian, iragan urriaren 17an. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak euskal preso politikoei begira «keinu» bat egin beharko du, eta espetxeratuen sakabanatzea eta urruntzea bukatzea izanen da urrats hori. Geroz eta toki gehiago hartzen ari da mezu hori Ipar Euskal Herriko esparru politikoan, eta Parisen entzunarazten dabiltza Frantziako hiriburuan ardurak dauzkaten Euskal Herriko hautetsiak.

«Kontzientzia hartze baten isla da, egoera aldatu delaohartzen ari dira frantses alderdi politikoak», dio gatazka politikoen konponbide prozesuetan aditua den Jean-Pierre Massias irakasleak.

Eskakizun hori ez da gehiago eremu abertzaletik soilik luzatua; haratago doa, geroz eta haratago, gainera.

Asteartean Jean Grenetek, Sarkozyren UMP alderdiko euskal diputatuak, Frantziako Legebiltzarrean egin adierazpenak izan daitezke horren froga. Senideak ikusteko presoak duen «eskubidea» aipaturik, euskal preso politikoen sakabanaketa eta urruntzea gaitzetsi, eta haien familietarik hurbiltzeko beharra azaldu zuen.

Urruntzeak duen «kostu humano eta materiala» ikusiz, presoei eta senideei «zigor bikoitza» dakarkiela salatu zuen. Gutxitan ukan ditu horrelako hitz hartzeak Grenetek. Justuki, «kontzientzia hartze prozesuan emandako pauso berria da» diputatuaren adierazpena, Massiasen ustez. Hala ere, 2006ko urtarrilean Pascal Clement garaiko Justizia ministroari igorri zion gutun batean ere presoen hurbilketa eskatu zion.

Egun berean, Jean-Jacques Lasserre euskal senatari zentristak zuen bake prozesua sostengatu Frantziako Senatuan, horri begira zein jarrera ote zuen galdatuz gobernuari. Hitz hartze horiek guztiak«pozgarritzat» jo ditu Askatasunak, gehituz «euskal jendarteak eragiten duen presioaren adierazle» direla. «Baikorki» hartu ditu adierazpenak Batasunak ere, «eztabaida Frantziako Estatura eramana izan delako», Jean Francois Lefort Batasuneko bozeramaileak azaltzen duenez.

Aieteko Nazioarteko Konferentzian egon ziren hainbat alderditako ordezkariak: Lasserre eta Jean-Rene Etxegarai zentristak, Max Brisson (UMP), Frederique Espagnaceta Kotte Ezenarro sozialistak, eta, abertzaleei doakienez, Anita Lopepe (Batasuna) eta Jakes Bortairu (AB).

Konferentziaren biharamunean sentitu zen doinu aldaketa; guztiak ados ziren Frantziako Gobernua gatazkaren barne dela eta konponketan engaiatu beharko duela. Lehen urratsak presoei begira izan beharko duela zioten guztiek. Jean-Rene Etxegaraik argiki adierazi zuen:«Familiek aspaldian presoen hurbilketa galdatzen dute, eta hor gizatasun betebehar bat badugu». Brissonek ere mezu bera du: «Keinu batzuk beharrezkoak dira, bereziki presoei buruz, hala nola hurbilketa edota eri direnei begira».

Egoera berriak hori dakar

Guztiek dute azpimarratzen aro politiko berria eta, batez ere,ETAk jarduera armatua utzi izana.

Grenetek, hala, argi utzi zuen Legebiltzarrean: «ETAren su-eten iraunkorrak behin betiko bakera heltzeko perspektibak ireki ditu, behar dugu lasaitze keinu horrekin trantsizioa erraztu». Testuinguruaren bilakaerak ditu postura aldaketa horiek ekarri, Massiasen ustez. Baina, orain arte, Parisek ez du prozesuari begira urratsik egin, eta Lasserrek egin eskaerari eman erantzun ezak adierazi zuen hori asteartean. Erantzun eza «kezkagarritzat» jo duLefortek, eta argi du «Euskal Herritik sentiaraziko den presioak duela gobernua mugiaraziko». Massiasek ere dio Paris «orainokoan» ez dela mugitu, eta, haren irudiko, «Euskal Herriko hautetsiek egin seinaleen bidez dira Pariskoak higituko».

Aste honetan, Frantziako Legebiltzarrean presoen hurbiltzea dakarren legea bozkatu izana urrats bat izan daiteke, eta, Leforten ustez «baikorra» da, «jendarteak erakutsi dinamika politikoari erantzuten diolako». Hala ere, erantzuna «oso partziala» dela diote hainbatek, hala nola Askatasunak: «kondenatuak diren presoak besterik ez dituelako hunkitzen»; auzia ukan aitzin preso sartuak direnen kasua aipatu gabe. Massiasen ustez, halaber, «erreala baino gehiago sinbolikoa da», eta gaur egungo egoeraren adierazgarri ere bada: «Tokiko hautetsien mezua interesgarria da, baina gero Parisek eman erantzuna etsigarriagoa da». «Hala ere, lehen urrats gisa egina bada, orduan interesgarria da, hori bakarrik ez delako aski bakea eta gatazkaren konponketa lortzeko», Massiasen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.