Euskal gatazka

Ahotsak-ek adierazi du bakea ez dela «indarkeriarik eza bakarrik»

Taldea sortu eta hamabortz urtera, Euskal Herriko 78 emakumek oroitarazi dute gatazken konponbideetan andreek «ezinbesteko partaide» izan behar dutela. Bortz puntuko adierazpen bat osatu dute. Bertzeak bertze nabarmendu dute bizikidetzaren bidean emakumeek «gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko» lan egin behar dutela.

maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 2a
18:16
Entzun

«Emakumeok bakearen aldeko eragile aktiboak izan behar dugu, eta itxaropenezko etorkizuna argitu nahi duten gatazkak konpontzeko prozesu guztietan ezinbesteko partaide». Horrelaxe abiatzen da Ahotsak-ek sustatu eta Euskal Herriko 78 emakumek sinaturiko adierazpena. Lehen puntua da, baina ongi aski laburbiltzen du gaur Donostian irakurri duten adierazpenaren helburua: emakumeak gatazkaren konponbideen parte izatea nahi dute, eta haien ahotsa eta ekarpenak entzunaraztea. Ahots horren zati bat, adierazpenaren bosgarren puntuan jasotakoa, hau da: bakea ez dela «indarkeriarik eza» bakarrik. Hau da, «bakea finkatzeak bake positiboaren aldeko apustua egitea» dakarrela. Sinatzaileen ustez, hain zuzen, «bakeak demokrazia, justizia soziala eta eraldaketa» ere erran nahi ditu: «Bakea alde horretatik ulertzeko gai bagara bakarrik izango gara gai norgehiagoka gehienak gainditzeko».

Duela hamabortz urte sortu zen Ahotsak Euskal Herriko politikarien elkarrizketarako taldea, eta, joan den astean talde haren ekarpena txosten batean bilduta, Emakumeak bake prozesuetan jardunaldiak egin dituzte gaur Donostiako Kursaalean, Foro Sozial Iraunkorrarekin batera. Jardunaldien hasieran Ahotsak-eko sustaitzaleek hartu dute hitza, taldearen sorrera eta egindako ekarpenak azpimarratzeko. Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko kide eta 2015etik 2019ra Nafarroako Parlamentuko presidente izandakoak, erraterako, gogoratu du Ahotsak-en esperientziak ahalbidetu ziela Nafarroako alderdi politiko ezberdinetako emakumeei elkartzea —orduan PSNko kide gisa Iruñeko zinegotzia zen Aznarez—: «Ulertu genuen ezin dela mahai batean eseri beste aldean dagoena entzun gabe. Horrek zigorra ere izan zuen, noski». Izan ere, Aznarezen hitzetan, horietako anitzek ez zituzten ardura postuak eduki hurrengo legealdietan.

Atzo irakurritako adierazpenaren sustatzaileen artean dago Aznarez; eta, harekin batera, Gemma Zabaleta, Jone Goirizelaia, Eisabette Piñol, Kontxi Bilbao, Esther Larrañaga, Onintza Lasa eta Nekane Altzelai. Gibelean, izenpetzaile zerrenda luzea, alderdi, erakunde eta arlo anitzetakoak: batzuk aipatzearren, Sylvaine Alaux, Itxaso Atutxa, Maddalen Iriarte, Rafaela Romero, Garbiñe Biurrun, Patrizia Velez, Anaiz Funosas, Garbiñe Aranburu, Izaskun Landaida, Aitzpea Leizaola, Anita Lopepe, Bakartxo Tejeria, Bel Pozueta eta Nagore Iturrioz, bertzeak bertze.

Elkarrizketaren alde

Gatazken konponbidean elkarrizketak duen garrantzia nabarmendu dute jardunaldietan, eta, hain justu, horri egiten diote erreferentzia adierazpenaren bigarren eta hirugarren puntuek. Bigarrenak dio, hain justu, gatazkak konpontzeko prozesuetan ezarri beharreko metodologia «elkarguneak bilatzea» dela, «desberdintasunetan soilik sakontzen duten jarreretan erori gabe». «Topaketaren eta elkarrizketa erabakitzailearen aldeko militantzia» behar dela nabarmentzen dute sinatzaileek, «alderdi lerroetatik harago». Hirugarren puntuan, berriz, «besteek duten egia entzun» behar dela azpimarratzen dute, eta «edozein gatazka konpontzeari ekin behar zaiola, demokrazia gehiago eta hobea oinarri hartuta: proiektu politiko guztiak prozedura demokratiko eta politiko itunduen bidez defendatu eta gauzatu ahal izatea ahalbidetuko duen demokrazia».

Laugarren puntuan, azkenik, «edozein gatazka konpontzen lagundu behar duen helburua» bizikidetza dela nabarmentzen du testuak: «Eta prozesu horretan ere, emakumeok lan egin behar dugu gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko, etorkizun partekatu baten oinarriak senti ditzan». Sinatzaileen arabera, «edozein gatazkaren zatiketak eta minak izan behar du orainaren eta etorkizunaren elkarrizketa eta ulermena eraikitzeko ahalmena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.