Ahotsak-ek gatazkaren bake biderako egindako ekarpena jaso dute txosten batean

Orain hamabost urte sortu zen emakume politikarien elkarrizketarako taldea. Gatazka politikoetan diren andreekin jardunaldi bat egingo dute asteazkenean

Nekane Alzelai eta Gemma Zabaleta Ahotsak plataformako kideak, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Hamabost urte atzera, eta aldatu dira gauzak euskal gatazkari dagokionez: ETAren behin betiko su etena aurrena, armagabetzea ondoren, eta behin betiko desegitea 2018an. Euskal presoak ere ari dira apurka hurbiltzen, bakartze moduluetatik atera dira hainbat kartzelatan... «Baina oraindik badago bidea egiteko», esan du Gemma Zabaleta Ahotsak plataformako kideak. Kontakizunaz eta bizikidetzaz ari da; elkar hurbiltzeaz. Hain justu, horretarako sortu baitzen Ahotsak duela hamabost urte: Euskal Herriko emakume politikarien elkarrizketa ahalbidetzeko. Orain, urteurrena ospatzeko, txosten batean jaso dute egindako ibilbidea, eta,datorren asteartean, abenduaren 2an, jardunaldi batzuk ere prestatu dituzte, Donostiako Kursaalean, Nekane Alzelai eta Zabaleta plataformako kideek iragarri dutenez.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo Donostian Alzelaik eta Zabaletak, txostena aurkezteko eta jardunaldiak iragartzeko. Mahai berean izan ziren, elkarren alboan. Arrunta dirudi, baina horretarako egituratu zen taldea, 2006an: elkarrizketarako, bake biderako, edo, «gutxienez, aurkako poloetan» zeudenen arteko solaskidetza ahalbidetzeko. Horren guztiaren prozesua eta plataformak lortutako akordioak Bartzelonako Unibertsitateko Escola de Cultura de Pau-ko Ana Villellasek, Maria Villellasek eta Pamela Urrutiak jaso dituzte, Ahotsak-en esperientzia: emakumeak elkarrizketaren alde euskal gatazkan txostenean.

«Gatazka egoeretan emakumeen tokia aztertzea da gure lana, baina ez biktima gisa soilik; eragiteko duten gaitasuna aztertu nahi dugu. Ahotsak horren adierazpen bat da», azpimarratu du Maria Villellasek. 2002an hasi zen taldea osatzen, Jone Goirizelaiaren —garai hartan Herri Batasunako Eusko Legebiltzarreko ordezkaria— eta Gemma Zabaletaren —PSEkoa— arteko elkarrizketa pribatuetan. Bikotea indartuta, Eusko Legebiltzarreko beste andre politikariekin jarri ziren harremanetan; ondoren, herrietako ordezkariekin, eta, azkenerako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko emakume politikariak ere batu ziren egitasmora. «Ez dakit inoizlortu ote den tamaina horretako akordiorik», dio Zabaletak.

Villellasen arabera, Ahotsak plataforma «aitzindaria eta arrakastatsua» izan zen hainbat arlotan. Txostenean jaso duten modura, atzoko prentsaurrekoan—modu telematikoan izan zen— aipatu zituen plataformaren lorpen batzuk: «Taldeak lortu zuen ikusaraztea posible zela diferenteen arteko elkarrizketa, eta erabili zuten metodologia egokia izan zen, batzen zituzten horretan jarri zutelako arreta; elkarrizketaren bidez emakumeen batasuna lortu zuten, eta aukera hori gizarteratu; herritarrek bake prozesuei sostengua emateko ehuntze lana egin zuten; ideologia desberdinetako jendearen arteko harremanak humanizatu zituzten; eta, beraien ekarpen zuzena izan ez arren, bake prozesuan eragina izan zuten».

Ikerketak, beraz, gezurtatu egin du proiektua «porrota» izan zela, eta bat egin dute Alzelaik eta Zabaletak. «Errekonozimendurik ez izateak lotura eduki dezake gatazketan eta horien konponbide prozesuetan gizonezkoek duten presentziarekin», iradoki du Alzelaik.

Nazioarteari begira

Hamabosgarren urteurrenarekin batera, gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundearen 1.325 adierazpenak ere hogei urte bete dituela —gatazka egoeretan andreen aurkako indarkeria aztertzeko hitzarmena da—, eta, horregatik, asteazkeneko jardunaldietan nazioarteari begiratuko diote. Han izango dira Maima Abdeslam Fronte Polisarioak Genevan (Suitza) duen ordezkaria, Amandine Fulchiron Guatemalako Actoras de Cambio taldeko kidea, Alejandra Miller Kolonbiako Egiaren Batzordeko ordezkaria eta Ayse Betul Celik Turkiako Sabanciko Unibertsitateko ikerlaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.