Mikel Alvarez, Iñaki Barcena, Joxe Iriarte Bikila, Rosa Lago eta Iñaki Antigüedad AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek ere Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunaren hilketa Abiadura Handiko Trenarekin lotu dute (aipatutako enpresa, besteak beste AHTko lanak egiten dabil), eta "erailketa dela-eta gaitzespena" adierazi nahi izan dute BERRIAra bidalitako gutunaren bidez. "Uste dugu atentatu honen ondorioz AHTren kontrako herri mugimenduan borroka moldeei buruzko gogoeta sakona abiatu behar dela", diote eskutitzean. Uria asteazkenean hil zuen ustez ETAk, Azpeitian (Gipuzkoa), Loiola auzoan, bi tiro botata.
Hilketak "amorrua" eragin die AHT Gelditu! Elkarlaneko bost kide haiei. "ETAk auzi honetan esku-hartzea gaitzesten dugu. AHTren aurkako mugimenduaren oinarriak mobilizazioa, erresistentzia eta desobedientzia zibila direla nabarmentzen dugu. Zinez uste dugu AHT geraraztea eta eztabaida sustatzea gizarte mugimendutik sortzeko gai izango garen dinamika herrikoiak eragingo duela, eta ez erakunde armatu batek hartu duen ustezko berme rolak".
Ondorioz, ETAri "gatazka ekologiko eta sozial honetan" ez parte hartzeko eskatu diote.
AHTren aurkako mugimenduak "bere ideiak era irekian" plazaratzen eta defenditzen segituko duela agertu dute Mikel Alvarez, Iñaki Barcena, Joxe Iriarte Bikila, Rosa Lago eta Iñaki Antigüedadek. "Gure armak arrazoian eta konbikzioen indarrean dautza, milaka herritarrek AHT gelditzeko aldarrikapenarekiko agertu duten atxikimenduan bezalaxe".
Agintari politikoei "gogoeta" egiteko eskatu diete, "egungo egoerara nola iritsi garen hausnartzeko eta atentatu hau AHTren aurkako herri mugimendua kriminalizatzeko erabili ez dezaten".
ETA-ren atentatua Azpeitian
AHT Gelditu! Elkarlaneko hainbat kidek "gaitzespena" eta "amorrua" agertu dute Inazio Uriaren hilketa dela-eta
Mikel Alvarez, Iñaki Barcena, Joxe Iriarte 'Bikila', Rosa Lago eta Iñaki Antigüedadek Abiadura Handiko Trenaren "gatazka ekologiko eta sozialean" ez parte hartzeko eskatu diote ETAri. "Gure armak arrazoian eta konbikzioen indarrean dautza". AHTren kontrako herri mugimenduan "borroka moldeei buruzko gogoeta sakona" abiatu behar dela uste dute, eta politikariei ere hausnarketa eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu