Patrick Stefanini Akitaniako prefetak AHT abiadura handiko trenaren ibilbidea berretsi zuen atzo arratsaldean, CADEk xede hori gaitzesteko Baionan antolatu manifestazioaren bezperan. Funtsean, Stefaniniren adierazpenak ez du aldaketarik ekarriko. Baina, xedearen egingarritasunari buruzko kezkak alboraturik, Frantziak iragarritako prozedurari jarraitzeko erabakia berretsi du. Berrespenaz gain, jakinarazi du onura publikodun inkesta 2013ko udan abian ezarriko duela.
AHT xedea zalantzaz beterik dago. Frantziako Kontu Auzitegiak bi ohar garrantzitsu eginak ditu. Batetik, Frantziak ez duela dirurik aski egin nahi dituen hamalau bide berriak egiteko eta, ondorioz, egingarritasunaren arabera sailkatu beharko dituela. Bertze aldetik, errentagarritasun apala zeukala nabarmendu du, eta kontuen argipena eskatu gobernuari eta RFF konpainiari. «Gobernuak bertan behera utzi beharko ditu egin nahi zituen egitasmo batzuk» ondorioztatu zuen Jerome Cahuzac Aurrekontuetarako ministroak.
Stefaniniren iragarpenaren berri ukan aitzin, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zien CADEk herritarrei, eta manifestaziora deitu. «Elementu anitzek erakusten dute AHTaren aldeko frontea higatzen ari dela, arraildu dela, baina hala ere zuhurtziaz hartzen ditugu berriak eta mobilizaturik segitu behar dugu xedea baztertzen dutela bermatu arte», erran du Victor Pachon CADEko presidenteak. Biharko manifestaziorako CADEren deialdiarekin bat egin dute, bertzeak bertze, Lapurdiko hainbat herritan sorturiko kolektiboek, ADIRH, ACE Hendaia, Basusarriko Vie et Patrimoine, AHTaren aurkako Azkaineko taldea, AHTri Ez Senpere, ATTAC (Landak), ATTAC Ipar Euskal Herria, LAB, Mugerreko Cadre de Vie elkarteak, Bizi, Sepanso, Berdeek, AB, AHT Gelditu Elkarlana eta Batasunak. Errobi, Hego Lapurdi eta Aturri-Errobi Herri Elkargoek ere manifestaziora deitu dute.
AHT ibilbidea berretsi du Akitaniako prefetak, manifestazioaren bezperan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu