AHT abiadura handiko trenen proiektuak bertan behera utzi eta egungo trenbide sarea «modernizatu». Hori da Frantziako eta Ipar Euskal Herriko trenbideek etorkizunerako egin behar luketena, gobernuak trenaren geroaz eztabaidatzeko antolatutako batzordearen esanetan. Hiru hilabeteko eztabaidaren ondoren iritsi da batzordea ondorio horretara; ebazpenak gobernua lotzen ez badu ere, zail izango zaio batzordearen azterketari izkin egiten, trenbide sarearekin zerikusirik duten eragile gehienak batu baitira bertan: enpresak, sindikatuak, erabiltzaileak, hautetsiak... baita gobernuko ordezkariak ere.
Lan batzordearen ondorioek ez dute zalantzarik uzten: Frantziako eta Ipar Euskal Herriko trenbideak kudeatzen dituen RFF enpresak eta tren zerbitzuak ematen dituen SNCF enpresak urtean 1.000 eta 1.500 milioi euro artean behar dituzte gaur egungo trenbide sareak mantentzeko. Batzordearen esaneko, urtean trenbide sareko 1.200 kilometro arraberritu behar dira, gaur egungo zerbitzuari eusteko.
«Existitzen den sarearen mantenua aurrera eraman ezinak, eta abiadura handiko linearen garapena esperotako erritmora ez joateak, AHT berriak egiteko programaren gainean hautuak egitera behartzen du», batzordearen ustez. Mantenuari lotutako gastua bakarrik ez, etorkizuneko AHT berrien errentagarritasuna ere zalantzan jarri du lan taldeak. Tren lasterren hedapenean egindako ahalegina «arrazoitu gabea» dela epaitu eta, hain justu, «berrasmatu beharreko eredu ekonomiko baten adierazle esanguratsua» dela uste du batzordeak.
RFFk AHT bide berrien inguruan egindako azterketa sozioekonomikoak ere zalantzan jarri ditu batzordeak. RFFren azterketak ez direla fidatzekoak uste dute batzordeko kideek, eta kanpoko adituek egin beharko lituzketela inkesta horiek. Gainera, adierazi dute RFFk finantzaketa planetatik kanpo geratu behar lukeela eta haren ekarpenak oro alboratu behar liratekeela.
Krisiarekin, ezin
Alde horretatik, batzordeak krisi ekonomikoaren baldintzapena ere gogora ekarri du: «Tenore honetan, Frantzia bere kontu publikoak doitzeko ahalegin betean dago». Trenbide sarea «finantza oreka» berri batean beharrean dela ondorioztatu du lan batzordeak, eta Frantziako Gobernuari egin dion eskakizuna argia da, beraz: tren lasterrak egiteko etorkizuneko proiektuak atzeratzea, baita azterketa berriak uztea ere, egungoak aztertzea, eta eskaintza koordinatzea. Frantziako trenbide sarearen eredu ekonomikoa «impasse-an» dagoela, eta luzerako eredua berritzeko neurriak hartzea beharrezko dela uste du eztabaida taldeak; bitartean, aholkatu du proiektu eta azterketa berriak ez abiatzeko.
AHT proiektuak atzeratzearen alde egin du Frantziak
RFFk eta SNCFk 1.500 milioi euro arteko zorra dute urtean, trenaren geroaz eztabaidatu duen batzordearen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu