AHTa aurrera, osasun zerbitzuak atzera

Tren lasterraren obrek osasun publikoan murrizketak eragin dituztela dio Mugitu! Mugimenduak

Iruñean parodia bat egin zuten osasun zerbitzuetako murrizketak salatzeko. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenak emakume bati odola erauzi zion. Modu honetan salatu zituen atzo Mugitu! Mugimenduak Iruñean Osasunbideak, AHTa egiteko proiektuaren harira, jasan dituen murrizketa ugariak. AHTak odola xurgatzen dizu eta Murrizketarik ez, AHTak osasuna murrizten dizu leloak ardatz hartuta kontzentrazioa egin zuten Nafarroako Ospitale Gunean. Osasunbideko hainbat langilek aldarrikapenekin bat egin zuten, eta elkarretaratzean parte hartu zuten. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritako osasun etxe eta erietxeetan ere kontzentrazioak egin zituzten eta proiektu «txikitzailearen» inguruko eskuorriak banatu zituzten.

«Trenbide gutxiago, kontratazio gehiago», «AHTaren dirua osasunerako» edo «5 ordu larrialdietan, ordu eta erdian Madrilera», oihuak entzun ziren atzo Vianako Printzea osasun etxearen aurrean. Bitartean, antzerki bat egin zuten zer jazotzen ari zen erakusteko, eta ospitaleko inguruetatik pasa ziren guztiek mediku errezeta bereziak jaso zituzten. «Asteburuetan osasun etxeak itxi dituzte, Osasunbidearen finantziazio publikoa, gaixo agirietako dirua: guztia AHTarentzako izango da», zioen mugimenduko kideek banatutako errezetak. Osasun zentrora zihoazenpertsona asko, guztiz harrituta pasatu ziren kontzentrazioaren paretik. «Baina, zer da hau?», galdetzen zuten askok. Berehala jaso zuten erantzuna: «Abiadura handiko trenak gure osasunean izango dituen murrizketen berri eman nahi dute».

Nafarroako Gobernuak abiadura handiko trena eraikitzeko 4.000 milioi euro gastatuko dituela dio Mugitu! Mugimenduak. Proiektua egiten «gastu ekonomiko itzela» egitearekin batera, «gizarte gastua txikitu»egingo dela salatu dute. AHTaren aurkako mugimenduak azaldu duenez, hainbat arlotan izan dira murrizketak Osasunbidean: oinarrizko arretan eta buruko osasunean, esaterako, aurrekontuak behera egin du, eta gaixo agiriak edo oporrak hartzen dituzten langileen postuak ez dituzte betetzen. Sendagileen soldatak ere jaitsi dituztela jakinarazi dute. Murrizketak osasun zerbitzuetako erabiltzaileei egiten dietela kalte gaineratu dute. «Politikariek, diru publikoa, haien interesengatik, AHTaren moduko proiektuetan erabiltzen dute», adierazi zuen atzo elkarretaratzean mugimenduko kide batek.

Proiektuaren aurka

Nafarroako Ospitale Gunean aldarrikatutakoa, beste zenbait osasun etxetan ere aldarrikatu zuten Nafarroan. Altsasun, Lizarran eta Tafallan kontzentrazioak egin ziren. Gipuzkoan, Donostiako Ospitaleko hormatik hiru solairu estaltzen zituen pankarta zabaldu zuten. Bertan, AHTak eta proiektu txikitzaileak zure osasuna murriztu dute leloa irakur zitekeen. Hernanin eta Tolosaldean eskuorriak banatu zituzten eta osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin ziren.

Bizkaian, Galdakaoko ospitalean eta Zornotzan kontzentrazioak egin ziren. Herritarrek ekintza hauen aurrean atxikimendua erakutsi zietela esan zuten Mugitu! Mugimenduko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.